Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Brecht Stalinista

2015eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Badiouk eta Zizekek errepikatu izan dute stalinismoaren haragitze behinena izan zela Brecht. Horregatik kendu nahi izaten dute egungo artista erreakzionarioek —Vargas Llosa, Muñoz Molina, Porta Perales— gainetik Brecht: «zaharkitua» delako, bere «ideia komunistek eragozten dutelako» bere obra. Zeren Brecht komunista zen baina Sofokles zer zen? Eta Valle-Inclán ze sistema politiko-ekonomikoren aldekoa zen? Zenbat jende elikatu zituzten erregimen horiek? Eta zenbati eskaini zioten luxua, zenbati erakutsi irakurtzen eta idazten?

Vicente Hernando da, agian, gertuko latitudeetan dagoen Brechten irakurlerik zorrotzena eta La Uña Rota argitaletxean Brechten amaitu gabeko lanak argitaratzean (Obra inacabada: 2011 Segovia) erantzun zion Nor da Bertolt Brechten beldur? galderari. Hernandoren arabera, liberalismoak sortu dituen ilusio faltsuekin amaitzeko gaitasuna dauka Brechtek. Egun kapitalismoa eutsi eta eratzen duen ideologia hatzez erakusteko gai da, egungo boterea —ez aginte politikoa soila— nork duen seinala dezake. Egungo botereak konbentzitu gaitu «zapalkuntza, jabetza pribatua eta boterearen kontrola ez direla jada afera garaikideak, geure bizitzen gain eragina duten gaiak». Geure hitzek ere ilusio faltsuen alde egiten dute lan: arinkeria eta engainua dituzte lagun. Zeren gaur egun «konbentzituta gaude aberastasuna enpresek sortzen dutela, geure lanarengatik justua dena ordaintzen zaigula, edota hauteskundeen bidez axola zaizkigun erabaki politikoetan parte har dezakegula. Beraz, Brecht, ez litzateke beharrezkoa».

Afera da —stalinista ez dela dioten erreakzionarioek klasikoa dela esaten dute— Brecht ezin dela klasiko bat izan. Bere garaiko gatazka sozialak iraungi badira —gizakiak gizakia esplotatzea— Brechtek berak eskatu zuelako antzezteari uztea, «baina, bere antzerkiaren gai zentralak gure garaikoa eta gure bizitzakoa izaten segitzen du, oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.