Ander Perez Argote

Botoak (ez) dioena

2024ko ekainaren 7a
05:00
Entzun

Bada ipuin bat Iñigo Astizen Monogamoak liburuan, zeinean pertsonaien deskribapenari azken bost hauteskundeetako boto bilakaera gehitzen zaion. Adibidez, Luisa amona: «Nafarroa Bai. Nafarroa Bai. Nafarroa Bai. Geroa Bai. Geroa Bai». Pasartea irakurrita gogoratu zara behin elkarrizketa batean Garazi Arrulari irakurritakoaz, nola zioen idazten jarri orduko pertsonaiak erabat ezaugarrituak behar dituela buruan, baita «nori ematen dioten botoa» ere.

Informazio iturri paregabea da botoarena. Nola ez: zuk zeuk antzerako jokatu duzu milaka aldiz, hangoa eta hura botoen arabera sailkatuz, imajinatuz nori emango lioketen botoa aitona-amonek, jakin nahian ondoko kalean ireki berri duten lokalekoak non kokatzen diren, ia bista hutsez sailkatzen zein den gurea, eta zeinek bozkatzen duen eskuin.

Norbere balio eta jarrera guztiak bildu, kondentsatu eta jendaurrean jartzen dituen marka gisara jokatzen du boto hautuak. Lastima ez izatea aski ordea, jakiteko, adibidez, hango edo hemengo botoan kokatu duzun horrek lagunekin errondarik pagatzen ote duen, zuzen jokatzen ote duen etxean alokairuan duen maizterrarekin, galdetzen ote dion ohekideari gustuko posturengatik, ongi birziklatzen dituen etxeko hondakinak, edota arbuioa edo pena, zer eragiten dion gehien kale izkinako eskaleak.

Gazteluko plazako Liburu Azokan, zure postu paretik pasa dira Nafarroako PPko kide esanguratsuenak, ondoko mitinera bidean. Une batez, liburuetara hurbiltzearekin fantaseatu duzu, zeinek hartuko lukeen zein, nork euskarazko haur ipuina, zeinek Nafarroako gazteluena, zeinek maskulinitate deseraikiei buruzko saiakera. Horrek bai emango lizukeela benetako informazioa. Zer bozkatzen duten, finean, badakizu eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.