Boterean dagoenak kritikak isil-isilik jasotzeko gertu behar du, non eta kritikon oinarria gezurra ez den. Bidenabar, boterean dagoenak entzun, irakurri edo ikusitakoak irentsi eta ahal bezala liseritzeko obligazioa du.
Boterean dagoenak ez ditzake aurretiko egintzak edo onespen publikoak unean uneko kudeaketa justifikatzeko erabili. Dagienak eman edo kenduko dizkio argudioak eta, ondorioz, txaloak edo txistuak.
Boterean dagoenak botere hori ahalik eta partekatuena izan dadin saiatu behar du. Gero eta botere meta handiagoak egin beharrean, botere-belarra landetan zabaltzeko betebeharra dauka, landa horietan bere haziendak bazkatzen diren zein ez diren.
Boterean dagoenaren azken helburuak, partekatze prozesu justu baten ondorioz, botereaz desjabetzea izan behar du.
Boteretik botereaz desjabetzea posible dela usteta inor boterean ezartzen lagundu edo sustatu duenak badu boterean dagoenaren arduren zati bat.
Boterea hartzeari beharrezko iritzita, boterean dagoena, besterik barik, boterean dagoelako kritikatzen duena iruzurrean ari da.
Bere boterea boterearen kontra egonda boteretsuagoa dela ohartzen denak ez du botere aldaketarik gura.
Boterea ideietan bakarrik dagoela uste duenari eskuak eta hankak falta zaizkio.
Boterean dagoenak eskuak garbi eta hanka bat, behintzat, lokatzetan eduki behar du.
Botere zikina patrikaratzen dena da. Boterea patrikaz patrika banatzea ez baita boterea partekatzea, partitzea baizik.
Botereari ezker aberasten direnak eskumakoak dira.
Boterean dagoenari gerta dakiokeen okerrena goroldioa biltzea da.
Boterean dagoenak ez luke botererik eduki behar.
Larrepetit
Botereaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu