Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Bortxaketa

2013ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurreko asteburuan, Zarautz eta Getaria arteko bidean, neska bat bortxatu zuten. Kanpoan egon ginen, Bartzelonan izan ziren jardunaldi batzuetan; horregatik, berandu izan genuen bortxaketaren berri. Trenean itzultzen ari ginela, posta elektronikoa begiratzean konturatu ginen: beste bat bortxatu dute; beste bat.

Ez dakit norbait ausartu den, oraingoan, hurrengo galdera memeloa botatzera: «Nola da posible?». Ez izan tuntunak; gizarte absurdo hau pixka bat behatzen baduzue, segituan konturatuko zarete: sustatze lan itzela egiten du matxismoak gure gizartean. Morroiz josia dagoen gizarte neutral ustezko honek emakumeak bortxatu eta erailtzen ditu, bai; makina bat emakume. Eta zer? Zerbait gertatzen al da? Ez, noski.

Sekulako amorrua sentitzen dut, barkadazue, baina nazkatuta nago. Egiten diguten min hori guztia itzuli nahi diet. Hitzez josia dagoen bonba baten bitartez, beraien krudelkeriaz kargatzen den metraila batez, haien gorputzak zeharkatu nahi ditut. Gizarteak, Ken eta Barbieren laborategi erraldoi honek, sistematikoki hiltzen eta bortxatzen gaitu. Sexu-genero ardatzak kargatzen ditu emakumezkoak suntsitzen dituzten balak. Hala ere, agerian da: ez da lehentasuna. Gure gorputzek bizi duten indarkeria ez zaio inori inporta.

Jaiotzez emakume bezala diagnostikatutako gorputzek entrenamendu berezia jasotzen dute indartsuak ez izateko, era jakin batekoak izateko eta, tamalez, bortxatuak ere izateko. Mugimendua hasi da Autodefentsa Feminista lantzen. Hasi gara emakumeen eredu indartsuak aldarrikatzen ere; gu ere izan gaitezke beldurgarriak. Zuen kontratu sozial eta sexuala indarkerian oinarritzen bada, guk geure burua defendatzen ikasiko dugu. Argi izan, zuen botere, pribilegio eta beldurgarri izateko aroa bukatzen ari da. Ezinezkoa da hainbeste injustizia eta indarkeria sortzen duen gizarte esperpentiko hau bizirik mantentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.