Iñigo Aranbarri.

Bonoa

2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Quilapayun entzunda heldu ginen Iquiquera, 1907an. Hala ikasi genuen gatzagetako hiru mila eta gehiago langile eta hauen senide hil zituela Pedro Montten gobernuak grebaren beroan elizan babesturik zeudela. Protestaren arrazoi nagusia, lanaren truke ematen zitzaizkien fitxen sistema. Hiru urte lehenago Bizkaia inarrosi zuen huelgaren antzeko arrazoiak funtsean, Blasco Ibañezek Sarkina eleberrian jaso zuen hura non, besteak beste, meatzariek salatzen duten esklaboen gisa bizi direla. Ez da bidezkoa sistema: bonotan ordainduta, soilik enpresako ekonomatoan eros liteke behar dena. Ekonomia zirkularra barik, ekonomia absolutista, Victor Txabarri dela Eguzki Errege bera.

Egin du bere bidea bonoak, baita on beharrez ere, ustez. Asteon salatu du Silvia Carrizo kazetari eta abokatuak, Malen Etxearen pindarrak. Ikuspegi taldearen emaila erakutsi du sarean, non EAEko migranteen parte-hartze soziala ikertzeko asmoz, eskaera egiten zaion hainbat elkarteri. 8-10 pertsonako taldea osatzea izan da asmoa, 90 minutuko saioa, «euren bizipenak entzuteko». Ordainetan, «eskainitako denboraren esker onez», bono bat jasoko omen du bakoitzak, 50 eurokoa, «Eroskin erosteko».

Txistea dirudi. Bono bat nori eta migranteei. Nork eta migrazioaren alderdi humanoa ikertzeko aski sentsibilitate duen unibertsitateko erakunde batek, zeina, esan dezagun dena, funts publikoz hornitzen den. Zer eta arroza, oilaskoa, olioa erosteko fitxa bat, Kutxabankeko kontseilariei ordaintzen zaien bezalaxe. Ala?

Agian basic bonoa da 50ekoa. Seguru nago badela premium modalitatea ere, bileran ordu erdi gehiago egote aldera, Caritaseko ilaran lehen hamar tokietako bat gordetzen dizutena, denborarik gal ez dezazun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.