Hauteskundeei buruz ez aritzeko hautu kontzientea egina nuen, eta hitza jan egin behar izan dut Unai Rementeriari bururatu zaiolako lerdokeria itzela txiokatzea: «Andoni arrain-saltzailea da Barakaldoko azokan. 04:30ean jaikitzen da, postuaren kargu egin eta arratsaldez beste denda batean egiten du lan. Gaueko hamarretan ixten du pertsiana. Ez da kexatzen, ez du laguntzarik eskatzen; ideiak soilik eskatzen ditu. Jende honek merezi du saiatzea» (gaztelaniaz jatorrizkoan).
Hortik ondorioztatzen da, batetik, orain arte Bizkaiko Aldundiaren aburuz arrain-saltzaile horren moduko herritarrek ez zutela merezi, edo ez saiatzeko beste; bestetik, kexatzen ez dena eta laguntzak eskatzen ez dituena eredu dela; azkenik, Andonik ez duela bere16 lanorduko bizimodua aldatzerik nahi, ideiak aldatzearekin aski duela. Ideiek ematen baitiote Andoniri jaten, baita gastuak ordaintzeko soldata ere; auto baten mantenua, esaterako. Zeren ordu horretan lanean hasten bada, garraio publikoa nekez erabil baitezake. Aisialdian aunitz ez du gastatuko, behintzat, eta ezin du inguruan inor izan zaintzeko edo maitatzeko ere, halako luxuek denbora eskatzen baitute. Baina Andoni ez da kexatzen, andre-jaunok, eta hori da nahi duguna.
Bulegoetan, EAJk saltoki handien aldeko politika egin izan du, baita Ezkerraldean ere, hain zuzen, sarean sustatzen duen tokiko merkataritzaren kalterako. Bat baino gehiago akordatu gara Oskorriren abestiarekin: «Bizkaiko aberatsak/ dira diruzale, / txerri-erosle eta/ txorizo-saltzaile». Hori baita EAJren tradizioa: eman niri eta nik kudeatuko dut. Zu ez arduratu, eta, batez ere, arduratuta ere, ez kexatu. Berdin dio zaborren, garraio publikoaren edo merkataritzaren kudeaketaz ari garen. Biluzte politikoa izan da; sistema kapitalista neoliberalaren naturalizazioa agerian gelditu eta, halere, lotsarik gabe, #pertsonahelburu.
LARREPETIT
Bizkaiko aberatsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu