Ander Perez Argote

Biziraupenerako kit-a

2025eko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Edozein larrialditarako balioko lukeela esan dute, baina, kasualitatez, gerrarako aukerarekin egun eta gau bonbardatzen gaituzten garaiotan etorri da biziraupenerako kit-arena ere, eta ezinbestean pentsatu duzu amarru bat gehiago dela, gerra saihetsezina dela pentsatu dezagun. Irratian entzun duzu aurrena Europako Batasunaren gomendioa, herritarrok 72 orduz etxean bizirauteko kit bat prestatu dezagun. Gero, zure herrialdeko egunkari baten ohiko clikcbait-ean erori zara, eta Zer jaso beharko luke 72 orduz bizirauteko kit-ak? galderadun izenburuko artikulua irakurtzen bukatu duzu.

Ura, elikagaiak eta medikamentuak oinarrizko elementuak omen dira etxean 72 orduz iraun nahi baduzu. Pentsatu duzu oinarrizko elementuak direla ordu batzuk gehiago iraun nahi baduzu ere, egun batzuk gehiago, asteak, hilabeteak, urteak. Pentsatu duzu behar-behar, hori baino gehiago ere beharko zenukeela munduan bizirauteko, oinarrizko babesleku sozial bat, lagunak, diru iturri egonkor samarrak, teilatu bat, proiektu motibagarriak, kirola eta noizbehinkako parrandak, eta munduan gerra piztea aukeratzat ere ez duten agintariak. Baina urrunegi zoaz: 72 orduz irautea da orain kontua. Bizitza, beste baterako.

Bitartean, ez dakizu ongi zer egin etxeko egongelan duzun monsterarekin. Aspaldi da landareak metroko altuera gainditu zuela, eta ez da sartzen mudantzarako prestatu zenituen kutxetan. Etxea hustu duzu dagoeneko, baina hor dago landarea, bere destinoaren zain. Harekin metaforaren bat egin zenezakeela pentsatu duzu, dena hain literala eta hain friboloa den munduan. Zurekin eraman zenezake, loreontzia bi eskuekin hartuta, etxe batetik bestera oinez. Edo utzi zenezake etxean, 80 metro karratu hutsen erdian zut, itxitako etapa baten sinbolo, ea behintzat, argiak itzali eta atea giltzaz itxi eta ondorengo 72 orduetan, tokatu zaion munduaren aurrean, bizirik irauteko gai den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.