Maider Galardi

Biziraun

2024ko abenduaren 12a
05:00
Entzun

Berri Txarrak-en kantuak halaxe dio: «Ezagutzen ez dudan herri batean, bat-batean isilean bezala agertu naiz». Ezagutzen ez dudan herri batean sentitzen naiz ni ere azkenaldian X sare sozialean. Esango duzue, «zu bai inozentea», eta gogoraraziko dizuet duela hamar urte denok pentsatzen genuela delako Twitter hura informazioa partekatzeko gune horizontala (horizontal xamarra) zela. Esango duzue, «baina hori Elon Muskek erosi aurretik zen!», eta galdetuko dizuet ba al dakizuen nor diren Google, Meta eta Microsoften inbertitzaile nagusiak. Nik ere ez dakit, baina azkenaldian autodefentsa digitala lantzeko pare bat ikastarotan izan naiz, eta aurreratu dezaket hodeia ez dela existitzen eta gure argazki, bilaketa, gustuko dut eta elkarrizketek hektareak eta hektareak okupatzen dituztela fisikoki. Ez dira Elon Musk izango, ados, baina hark bezainbeste diru egiten dute gure datuen salerosketarekin, askotan hezkuntza publikoko softwareak esku pribatuetan ere utzita. «Isilean bezala agertu naiz», dio kantuak, eta ni isilean bezala nahi nautela (gaituztela) ohartu naiz. Kideek itxi dute kontua, lagunek migratu dute beste sareetara. Gutxi batzuk geratu gara, nagikeriaz edo erresistentziaz, oraindik ez dut argi.

Ulertzen dut jendearen etsipena eta nekea, eta ez naiz nor jendeari irauteko eskatzeko. Noiztik eta zertarako iraun, oraingo sorgin ehizaren aurretik, lehengo Twitterren mezu batzuk idazteak kartzelara eraman bazuten Alfredo Remirez? Alegia, susmoa dut isilik nahi gaituztela orokorrean, eta ez bakarrik larreotan. Deitu Twitter, deitu X, deitu orain BlueSky, guk bezala besteek ere bikoiztu dituzte profilak paraje berri horietan. Eta niri, egia esango dizuet, logika berak erreproduzitzen dituen toki batean egoteak lanordu gehiago besterik ez dit eskaintzen. Ezpada… denok erabakitzen dugula dimentsio guztietan gune segurua den Mastodon ia ahaztu horretara joatea. Izan ere, bizirautea ariketa indibidual gisa ulertzen ez dugunontzat estrategia kolektiboak falta dira han eta hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.