2012. urteko udaberri amaiera da. Une pertsonal zaila bizitzen ari den ama gazteak, bi urte eta erdiko semea eraman du lehen aldiz pailazoak ikustera Iruñeko Arrotxapea auzora. Umea liluraturik egon da emanaldi hasieratik bukaerara, baita ama ere: ez zekien zenbaterainoko herri nahia, irri nahia eta maitasuna transmititzen zuten sudurgorriek. Amaieran, asko eta asko bezala, Porrotxengana gerturatu dira. Honek kasu egin dio umeari eta, ama gazteak emanaldia izugarri gustatu zaiola esan dion unean, pailazoak burua altxatu du eta begietara begiratu dio. Mirespenezkoak dira bai begirada eta baita emakumeari esandako hitzak ere, amatasunaren eguneroko jardunari esandakoak, hizkuntza hautuari esandakoak. «Zuek, amok, zarete miresgarriak, ez gu», esan dio pailazoak.
Ziurrenik Porrotx ez da esandako hitz haietaz gogoratuko, ez da ama gazte hartaz oroituko eta, ezin du inolaz ere jakin, emakumeari nolako hunkigarriak, nolako garrantzitsuak, egin zitzaizkion hitzok bizitzako une jakin hartan. Ezin du jakin urteak joan urteak etorri hunkitu egin dela oholtza gainean ikusi dituen bakoitzean.
Ez dakit inoiz posizionatu ote naizen inoren alde baldintzarik gabe, baina-rik gabe, kontraesanik gabe. Oraingoan, ez daukat zalantzarik. Herrigintzan, maitasunean eta errespetuan aritzen dena jomugan?
Duela hilabete pasa, Durangoko Azokan, gelditu ninduzun eta esan zenidan astero irakurtzen zenituela nire iritzi artikuluak. Gaurkoan ere hala izango dela pentsatu nahi dut: Joan eta joan, bidea egin nahi dut zure ondoan, elkarrekin bada, badakit nora noan. Nik zure irrifarra daroat, zuk nire irrifarra eroan, bizipoza dugu auzolan!