Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Bizia ote handiena?

2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun

Noa Pothoven nederlandar gaztearen kasuak eztabaida piztu du Europan, aldi labur baterako. Eutanasia eskatu zuen, eta ukatu egin zioten; azkenean, ingurukoen babesarekin, jateari eta edateari uzteko hautua eginda hil da, eta orduan ailegatu gure berripaperetara. Vatikanoak ere iritzia eman behar kasuaren inguruan: gaztearen heriotza gizateria osoarentzako galera dela, eta bizitzeko arrazoi baikorrak nabarmendu behar ditugula beti.

Egunkari katalan-espainiar batek inkesta bat egin du; bozkatu nahi duen orori eutanasiaren aldekoa edo kontrakoa ote den galdetzen zaio. Ez du bereizketarik egiten aldagaien arabera —adin, osasun edo egoera sozioekonomikoak, esate batera—, bai/ez aukerak soilik ematen ditu, eta ez dator gaiari buruzko erreportaje baten bukaeran. Haragi gorria jaten ote duten galdetzearen pareko. Errazkeriak fruitua dakar, eta 44.000 bototik gora jaso dituzte orain arte: %62,8 alde omen. Besteen biziaz iritzia ematea, klik egitea bezain miserable.

Kasuari buruzko eztabaidetan, maiz aipatu da psikiatriaren huts egitea izan dela, justizia sistemaren huts egitea, osasun zerbitzuaren huts egitea. Gutxi dira, eta gainerako uholdearen aldean ahalge, kultura patriarkalaren arazoa oinarrian jartzen dutenak: Pothovenek bere bizia bukatu nahi izan zuen oinaze izugarria zuelako 11, 12 eta 14 urterekin bortxatu zutenez geroztik. Sistema judizial, mediatiko eta psikiatrikoek ez zioten lagunduko, eta biolentzia eragiten dute; ez dira horiek, ordea, hutsaren muina.

Gazteak idatzita utzi du harentzat zer zen bizia, eta, bereziki, zer ez lukeen izan behar. Gurean, bizia jartzen da erdigunean, modu absolutuan, duintasun, min eta borondate ororen gainetik; bizia bizigarria ote den gorabehera. Hain zuzen, gure kontinente zaharra da suizidio tasa altuena duena. Onartzeko beldur bagara ere, bizia ez da balio gorena, prozesu iragankorra baizik. Hobeki dio Jose Luis Otamendik: «bizitzea usadio hauskorra da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.