Duela hamahiru hilabetetatik Israel egiten ari den genozidioari lotuta iritsi zaidan albo kalte interesgarri bakarretakoa izan da Ariella Aïsha Azoulay-ren La résistance des bijoux. Contre les géographies coloniales (Paroles d’Honeur saioaren bidez, Tsedek! judu antikolonialei esker). Liburu harrigarri bat da bai forman, bai kontakizunean eta baita erabiltzen duen hizkeran ere.
Azoulay ez zen Aljerian jaso, hark dioen bezala, «Palestinako kolonia sionistan» jaio zen. Azoulayk dio, haren aita bezala «inperioaren gizakiak sortzeko lantegi batean» jaio zela, etengabe aurrekoen zantzuak ezabatzeko dinamika batean, inperioen identitateen logikaren baitan, jende xehearen genealogia etengabe suntsitzen den dinamika batean. Baina egun batean aita hil zitzaion Azoulayri eta aitaren amari buruzkoak ikertzen hasi zen jabetu zelako bere amona Aïsha deitzen zela, izen arabiar bat zeukala. Frantsesen kolonizazioak Aljeriako juduengan Europako juduen topikoak proiektatu zituen baina Alejeriako juduak arabiarrak eta berbereak bezain bertakoak zirela: «Gure arbasoak erbesteratu zirenean gerora Espainia eta Portugal katolikoa izango zirenetatik eta Afrika iparraldera iritsi zirenean, bai Marokora nola Aljeriara, espainiar hizkuntzaren euren dialektoaren bertsioa zekarten, haketia deitzen zuten, eta euren burua megoraxim gisa ikusten zuten, alegia: kanporatutakoak».
Liburua Aljeriako juduen bitxien argazkiek, marrazkiek, koadroek, historia liburuen orriek eta mapek osatzen dute: ederra da baina larritasuna sortzen du. Botereak klase zapalduen historia etengabe ezabatzen du. Ze interesgarriak liratekeen halako ikerketak euskaldunen jatorri bastartak eta konplexuak ulertzeko eta ze ezinbestekoak liratekeen etengabe Egiatik Arrotxapera estigmatizatzen dituzten migratzaile pobreen genealogiak ezagutzeko.