Ander Perez Argote

Bitartean

2025eko urtarrilaren 31
05:00
Entzun

Aste batzuk daramatzazu lanetik etxera kartoizko kutxak eramaten, laster egin beharko duzun mudantzarako. Batek baino gehiagok esan dizu aukera ona direla mudantzak, pilatutako gauzez libratu eta garbiketa egiteko. Baina zuri ordenagailuko argazki zaharrak antolatzeari ekiten diozunean bezala pasatzen zaizu, korapiloa egiten zaizu bular aldean, eta, antolatu ordez, ia ikusi gabe kopiatzen dituzu karpetak disko gogorretik disko gogorrera, nostalgiak harrapatu aurretik. Hala zoaz kutxak betetzen ere, halako prokrastinazio emozional batek jota, aurrerago, beste noizbait, bota beharrekoa botatzeko gai izango zarela sinetsaraziz. Aurrerago, baina gaur ez. 

Bitartean gauza batzuk beraren etxeko trastelekuan utzi ditzakezula esan dizu izebak. Zure etxe propioa izan arte, esan nahi du bitartean horrek. Trantsiziorako etxea baita orain zoazena, behin-behineko zerbait, benetakora joan aurretik. Trantsizioa noiz hasi zen zalantza duzu ordea, behin-behinekotasunari neurririk hartzen ez baitakizu. Ingurura begiratu eta trantsizio belaunaldia ikusten duzu, orain arteko dena ongi egon dela bai, baina orain etorkizuna determinatuko duten erabaki egokiak hartzeko garaia dela sinetsita bizi dena, zalantzazko ez-denbora batean harrapatuta, behin betiko egoerara iritsi arte. Bitarteko hau ere benetakoa dela oihukatu nahiko zenieke, noizbait benetakoa izango den etxea bezain benetakoa, baina ez zara nor besteen mudantza kutxetan sartzeko. 

Kartoizko kaxak betetzen zoazela, hainbestetan entzun duzun akumulazio kapitalista hau ote den galdetu diozu zeure buruari, zerikusirik ote duen sistemarekin pilatze eta pilatzearen mundu honek, zeinetan dena den gauza eta estimulu berriak eraikitzea, baina inork ez dakien ongi azaltzen deseraiki nola deseraikitzen den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.