Hedoi Etxarte

Bitartean Louise Ackermann

2024ko uztailaren 6a
05:00
Entzun

Zutabe hau idazten ari nintzen bitartean jabetu naiz, ziurrenik, zuk lerrook irakurtzean, ni, zarataz eta jendetzaz inguratuta egongo naizela, beharrean. Horregatik erabaki dut honakoan Louise Ackermann ekartzea. Ackermannek, beste egile batzuekin batera, nire izate kokatuenetik ihes egiteko aukera ematen didalako. Denok dugu ni historiko bat eta esentziari lotutako beste ni bat (batzuetan gurutzatzen dira baina ez beti). Bada niri esentziaz pentsatzen laguntzen didanetako bat da Ackermann.

Poemak zoragarriak dira, baita poesiari buruzkoak ere: «Poeta hasieran abiarazle bat izan da; gaur egun oihartzun bat besterik ez da». Ala: «Ez da ilusiorik izan behar: penez abesten denean pena horiek lasaitu dira honezkero. Ez genuke gaitasunik izango, oraindik sentimenduetan trabatuta gaudenean. Beharrezkoa da nor bere buruarengandik bereiztea eta urrundik begiratzea eta perspektibarekin. Ez dugu gure burua ongi margotzen ez bada oroitzapenaren distantziatik». Ala: «Poesia, nolabait esateko, izpirituaren azkenburukoa da. Beraz ez da pusketatxo bat besterik hartu behar, bestelako gozorekin bezala».

Bizitzarako maximaz josia dago gainera: «Gure bizitzetan badira puntu gorenak, goiko mendien antzerakoak; edozein dela haiengandik bereizten gaituen distantzia, beti iruditzen zaizkigu gertukoak». Ala: «Norberaren bizitzaren historia idazteko, ez da aski, inondik ere, memoria; beharrezkoa da gainera irudimena: esan nahi dut oroitzapenaren memoria, ez ordea asmatzen duena baizik eta batzen duena eta biziberritzen duena».

Sententzia askotan zalantza izaten dut gogoetaz gain umorea ere baden ala ez: «Akaso existitzen dena ez du inork ezagutzen, ezta guztia sortu duenak ere. Egongo ote da, kasu honetan, giza ezjakintasunaz gain ezjakintasun jainkotiarra?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.