Blanca Urgell

Bisurteen garrantzia

2024ko irailaren 4a
05:00
Entzun

Oporretan egunak oro berdintsuak dira, oro larunbat edo igande. Hala ere, aurtengo oporretan egun bat gailendu zen: Alacanteko MARQ museora joan ginenekoa.

Beharrik, «Dinastiak» erakusketa ibiltaria zegoen. Duela 4.400-3.600 bat urte han-hemen —Unetice (Alemania), El Argar (Espainia), Otomani-Füzesaboni (Hungaria)...— nagusitu ziren jauntxoen —menturaz errege handien— hilobietako objektu baliotsuen eta bestelako aztarnen gainean Brontze Aroko Europa Ekialde Hurbileko «zibilizazioekin» parekatu nahi duen teoria azaltzen du erakusketak.

Nebrako diskoa bertatik bertara ikusi genuen. Brontzezko xaflan eguzkia edo ilargi betea, ilgora, Pleiadeak edo Bost Oiloak (diskoan zazpi) eta hainbat izar ageri dira urrez.

Hipotesiaren arabera, ilargi-urtea eta eguzki-urtea bata bestearekin egokitzeko balio zukeen. Teoriaren ernamuina izan zen. Izan ere, orduko europarrak nekazari-taldetan banatuta bizi izan balira, ikasi genuenez, ez zuketen egokitu beharrik: ilargiaren aldiak, eguzkia nondik irten, izarrak non egon, horrelako seinaleak aski zituzten ereiaroa igartzeko.

Jakina da ilargi urtea laburragoa dela eguzki-urtea baino. Ekialde Hurbileko inperioek arretaz begiratzen zituzten bi-bien gorabeherak, eta noizean behin hilabete bat eransten zioten urteari, burokratek aurreikuspenak egin ahal zitzaten (zergak noiz kobratuko, kasu). Azkenean bisurteak finkatu zituzten.

Diskoa zeukanak, bada, ez zukeen nolanahiko erresuma kudeatu behar. Hortik tiraka,  sekulako ondorioak atera dira, batzuk irmoak, bestetzuk oraingoz ausartegiak agian.

Misterioa eta zientzia. Harald Meller arkeologoaren eta Kai Michel zientzia-kazetariaren El disco celeste de Nebra irakurtzea merezi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.