Azkenean ez lurralde elkargorik, ez polorik, ez deus. Ipar Euskal Herriak orain berrehun urte bezala ezagupenik gabe segituko du. Gisa berean genuen egitura bakanetariko bat, familien laguntzarako kutxa kentzea erabaki dute ere.
Azaroan kantonamenduak deitzen diren hautes-barrutiak aldatuko dituzte eta lehenago Baxe Nafarroa eta Zuberoako hautetsi zirenak, Biarnoarekin lotuko duten lurralde zabalago, izengabe, itxuragabe eta funtsgabeez osaturiko hautes barrutietan itoko dituzte.
Guti balitz, Ipar Euskal Herrian azken 20 urteetan izan den gizarte eragileen bilguneari, Garapen Kontseiluari, heriotz data ere ezarria diote, abenduaren 31. Zertarako behar dugu halako behatoki eta gogoeta toki bat, helburua dena desegitea baldin bada...
Eta tartean, udalek ikastola berriak egitea debekatu eta Estatuak euskalgintzari eman beharreko dirua gogorki murriztu du. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biluzik nahi dituzte, garden, hutsik, ikusezin bilakatzeraino.
Bakoitzak bere autoa, etxea, ordenagailua, super-telefonoa eta kreditu txartelaz haratago so egiten ez duela, Frantziar Estatuak azken 50 urteetako makilakadarik gogorrena eman digu. Eta hemen ez da ezer gertatzen...
Baina lasai. Urte euritsuaren ondoren, eguzki sapak jendartea erdi-lo harrapatu du. Egiten ari diren minak, zauri ikaragarria uzten ari du eta herri honek jakinen du beste behin ere hortzak erakusten. Euskal Herriak sekulako indar kolektiboa izan du eta izanen du. Nafarroako 2x2 autobidea galeraztea erdietsi zen gisan, edo Lapurdin barna Abiadura Handiko Trenarendako trenbide berririk ez zela behar argi gelditu eta babestu ondoren, Estatuaren erasoak ez du ibilbide luzerik izanen. Parisek bizkarra itzultzen badio lurralde honi, errazago baizik ez dugu izanen. Gure geroa lepoan hartu eta segi aurrera.
Larrepetit
Biluzik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu