Blanca Urgell

Bilo xuriek sala artio

2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Harrigarria izan zen semea duela urte bat edo bi Senekaren paperezko liburu batekin agertzea etxean, aro digitalaren semea ere badelako bete-betean. Estoizismoa boladan zegoen idaztera nindoan, baina dago idatzi behar dut, neke gabe 2024ko beste aldarri bat aurkitu baitut sarean, zeinak baitio Senekaren Luziliorentzako gutun moralak eta Marko Aurelioren Gogoetak kultura greko-erromatar klasikotik egungo bestsellerrak bailiran saltzen diren bakarrak direla.

Euskaraz Imanol Unzurrunzagak argitaratu zituen Senekaren hiru elkarrizketa, Bizitzaren laburtasunaz izenarekin (1993), dotore itzulirik, Gidor Bilbaok ASJU-ko erreseinan dioenez (1993). Badio, halaber, elkarrizketa horren beraren zati handi baten itzulpena Jon Gotzon Etxebarriak egin zuela aurretiaz (1989): zorigaitzez Armiarma-n bildutako haren itzulpen ugarietan (Safo! Carmina Burana!) topatzerik ez.

Ekaitz Santazilia nekaezinak (2022) agerian jarri du Fontes aldizkarian Seneka askoz arinago heldu zela zubererara, euskara batura baino, ordea. Kontua nola den eta, labur, honela: Jean-Philippe Bela ‘Belako zalduna’-k (1709-1796) euskararen apologia bat idatzi zuen Larramendiren ideietan oinarriturik —ikusitxo bat ere egin omen zion Hegoaldera etorrita—. Bere baratzeko baratxurietan bat da frogatzea euskara «lakonikoa eta garbia» dela. Horretarako, XVIII. mendeko Frantzian ikaragarri saldu omen zen liburu baten zatiak itzuli zituen, frantsesez Senekaren izpiritua deritzona, Jean Puget de la Serre-ri egotzia.

Ustez ustekabean Belaren itzulpen horretan aurkitu dut fite gaur Rosa adiskidearekin izan dudan solasaren oihartzuna: Nork ez dü bizia maite, ta nork ez dü barreiatzen, adina bilho xuriek salha artio?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.