Blanca Urgell

Bikingoak

2024ko urriaren 16a
05:00
Entzun

Historialariak sutan zeuden larunbatean, Kristobal Kolonen jatorriari buruzko dokumentala ikusten TVEn. Izan ere, analisi genetikoak aurkezten ari omen ziren egia deskubri dezaketen bakarrak bailiran, haien ondorio onenak historialarien duela mende pasako hipotesiekin bat bazetozen ere. Artean, programan historialaririk ez. TVE, kate publikoari ez dagokion sentsazionalismoz, teleberri guztietan zabaldu zuen. Aleluia! Genetikak hitz egin du. Aleluia!

Ostera, genetistek eurek badakite geneetan ez dagoela norberaren jaioterria grabaturik, ez eta (eta orain erratza etxe aldera pasatzera noa) norberaren hizkuntza ere.

Etxe guztietan laratza latza, ordea. Vikings seriea atseginez ikusi genuen guztiok haietaz geneuzkan aurreiritziak berretsi genituen, baten bat gehiago erantsirik.

Bitartean hor dabiltza arkeogolo-historialariak ahaleginak eta bost egiten Brandoliniren legeari aurre egiteko, eta horretan hizkuntzalariek ere badute zer esana. Izan ere, bikingoek maileguak ugari utzi zituzten normandieran eta irlanderan, besteak beste, ez razzia baten edo biren, baizik eta luzaroko ukipenaren ondorioz.

Mailegu horiek lurralde berrietan finkatu ziren «bikingoez» hitz egiten digute, eta haien alderdi komertziala eta artisau, ontzigile zein marinel gisa zuten bikaintasuna agertzen dituzte. Bruman ‘emakume ezkonberria’, bru ‘neska-laguna’ eta hore ‘neska gaztea’ normandierako maileguen arabera, drakkarretan neska gutxi zetorren.

Irlanderari-eta oparitu zizkieten maileguetan itsas-txorien izenak daude, bai eta itsas zabaleko arrantzarekin lotutako hitzak. Guztiak «bikingoek» toki haietako ekonomian, kulturan eta jendean izan zuten eraginaren isla sendoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.