Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bidea

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Juan Luis Zabalak salatu du Twitterren, adibidea berri-berria ez den arren, atertzeko amaituko itxurarik ez duelako. Xabier Lizardiren poema bati egindako manipulazioak sutu du, arrazoiz, Zabala. Nabarralderen webgunean aurkitu du ontzurrea. Aitzolen oroimenez gazteleraz eginiko artikulu batean, Lauaxetaren Amaiur gaztelu baltza eta Lizardiren Euskal pizkundea transkribatzen dira, euskaraz biak. Aurrenekoa, bere horretan ematen da. Bigarrenak dakar oparitxoa azken lerroan: «Egizute nerekin / aberri bidea. / Bildu dezagun nun nai / asaben lorea. / Ta gaur danik gorritu / gure sukaldea. / Ni nor naizen? Asmatu. / Nafar pizkundea».

Poemak eta kantuak norberaren nahierara moldatzea, oso da gurea. Iparragirreren Nere etorrera lur maitera dugu kasurik ezagunena, seguru asko. «Hendayan nago choraturican, / zabal-zabalic beguiac… / ¡ara, España! ¡Lur oberican / ez du Europa guziac!». Hala idatziko zuen urretxuarrak, baina kantatu, Espainia ez beste guztia sartu izan dugu hiru silaba horietan, giro politikoak hartaratuta. Sartzeagatik, baita «nerea baino lur hoberikan» ere Imanol Larzabalek. Iparragirrek sinatua, han du jaioterrian Jose Frantzisko Aizkibelek ere bere omenarria, eta Gernikako arbola-ren egileak ez zuen «Azkoitian da gizon bat bear dena maita» idatzi… Espainia madarikatua, Txorittua nurat hua ezagunean baino salbatu ez duguna ia.

Memoriaz akitu arte ari garen honetan, begi-bistakoa dirudi denak: Zabalak salatzen duen manipulazioa eta jatorrizko testuarekiko eskatzen duen errespetua. Baina era berean, tradizioa egunero moldatu beharreko orea dugula aldarrikatzen ari garela, eta aldeak alde, baina identitatearen borroka-zelaitik atera gabe, hor dira, esaterako, eguneratzen ari garen kantuak denok sar gaitezen, ez dadin jendartearen erdiak pasak ikusezin izaten segi.

Ez da txarra itxura bateko kontraesanak agerira ateratzea. Bideak erakutsiko digu oinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.