Larrepetit

Bide berriak

urtzirrutikoetxea
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Batzuetan Ricken Casablancako esaldia datorkit gogora: «Hiru lagun txikiren arazoek ez dute askorik balio mundu zoro honetan», edo Joseba Sarrionaindiak bestera laburbildu zuenekoa: «Ixen be, ondo sorue da mundu au bixi gariena». 2006ko Eguberrietan gertatu zen: Euskal Herriko etorkizunean berebiziko eragina izango zuen Barajasko atentatua gertatu zen egun berean, Saddam Hussein urkatu zuten Iraken. Zalantza gutxi zerk zabalduko zituen munduko albistegiak, gurearen balizko dimentsioa jakiteko. Eta berriz ari da gertatzen, gure negu historikoa arabiarren 2011 are historikoagoaren itzalean.

Ezker abertzaleak orain arteko borroka moldeetako bati ateak itxi eta independentzia lortzeko bidean estrategia berriari heldu dio. Eta erabaki horrek, teorian bere buruari eta militanteei soilik eragingo liekeena, Euskal Herriko politikagintzari goitik behera erasan dio. Ekonomikoki hondoa jotako Espainian ere, Portugalgo gaitzaren kutsadura baino albiste garrantzitsuagoa bihurtzen da erresumako biztanleen ehuneko 0,5 diren ezker abertzaleko boto-emaileei eskubide hori kentzea. Ohi bezain itsu, garai berrietan ukazioaren bideetan sakontzen du Espainiak, goiz ala berandu zer gertatuko den jakinda ere. Eta hori ez da Sortu legezkoa izango den ala ez, baizik eta testuinguru berrian zenbat jende bilduko den estrategia independentista baketsura. Milaka euskaldunek espainiar demokrazian lekurik ez dutela nabarmendu dute, baina are agerikoagoa da espainiar izatearen prezioa geroz eta garestiagoa dela Europan nor izan nahi duenarentzat.

Aro berrian independentziarako bide eta molde berriak beharko dira, beraz. Ez dakit arabiar oldarra guganaino iritsiko den. Baina Fredik zioen legez, «tresna berriak diogunean soilik gudariez gabiltzala uste badugu, gureak egin du». Eta oraingoz uda osteko bosgarren manifestaziora deitu dute. Aterako gara berriz ere, baina pentsatu beharko da aurrerantzean zer gehiago egin, eta zelan bildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.