Goizalde Landabaso

Bidaia zerrendak

2024ko urriaren 29a
05:00
Entzun

Florentzian egon naiz eta ez dut Michelangeloren David ikusi. Florentziara joan baino lehen banekien ezinezkoa dela hiria denbora laburrean ikustea. Hiri batzuk zapaltzeko hiriak dira, galtzeko, aurkikuntzak egiteko. Hiri batzuetan txoko bereziak aurkitzen dituzu, eta badakizu, beste inoiz ez zarela itzuliko. Capuccino bat auzo galdu batean, liburu denda kuxkuxeatu... Gustatzen zait zentimetrorik zentimetro hiriak ezagutzea. Baina mugarriak ezartzen dizkiogu bidaia orori: ezinbestekoak diren elementuak eta lekuak. Nork ikusi/egin gehiago lasterketan sentitzen naiz batzuetan bizitzan, eta, jakina, bidaietan ere. Bidaietatik itzultzean maiz gertatzen zaigu, beti dago norbait gogoratzen diguna zerbait galdu dugula. Guk ere, ziurrenen, inoiz esan izan dugu: «Ez zenuen ikusi?». Eta batzuetan gezurretaraino heltzen gara: «Bai, jakina, zelan ez dut ikusiko».

Ez dugu ezer galdu nahi, dena irentsi nahi dugu, gerora ezelango aztarnarik utziko ez badigu ere. Nik oroitu nahi nuke tupustean aurkitu nuen kafetegian edandako macchiato goxoa. Boticelliren Udaberria-ren aurrean eman nuen denbora preziatua. Gogoratu nahi dut piazza zahar hartan emakume haren pausoa, eta larrua lantzen zuen gizon haren esku maiztuak. Medicitarren jauregiak eta lorategi ederretan emandako denbora. Eta gogoan izan nahi dut Helen Frankenthaler. Egin zizkidaten bidaia zerrendatan ez zen agertzen Lee Krasner, Rothko eta Pollocken sasoiko margolari estatubatuarraren erakusketarik. Baina hantxe zegoen iragarkia, jauregi zahar bateko atarian. Eta, han barruan, Frankenthalerrek margotutako zenbait lan. Ez dakit itzuliko naizen Florentziara; egiten badut, baina, bidaia-zerrenda barik egingo dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.