Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Bi katu teilatuan

2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Aitor lokartu zutenetik egiten genuen lehenengo bidaia zen. Salbokonduktuak bi zigilurekin generamatzan Leitzarango autobideko 141 irteera gurutzatzean. Kotxeko pletinan Ken Zazpiren CD bat zegoen, bere kuttunetako bat Txaikovski, Xostakovitx edota Tracy Chapmanekin batera. Eztabaidarako balio izan zigun anaiari eta bioi Itsasoa gara abestiak. Ordurako bagenekien «malko haiei esker orain itsasoa gara» ez zela operazio politiko baliagarri bat guretzat. Jasandako oinazeak ez du ezer onik sortzen. Oinazean ikasitakoa ere trukaezina da oinaze hori ekiditeko aukera hutsarekin. Erlijio askok ere ez dute sakrifizioan sinisten. Eta oinazetik gauza onak ateratzen direla pentsatzea bada sakrifizioari halako zilegitasuna ematea. Eta hor dago gakoa. Nola uzten digun arrastoa arrazionalki bat egiten ez dugun mezu batek. Ze inork pentsatuko du, abesti hori, bere ehundurengatik, kantaerarengatik egiten duela entzuleak bere. Eta egongo dira halako abestiak. Baina abesti horren hitzak, Requiem batekoak bezala, abestiaren sustantzia dira, popean oso sarrigertatzen denaren kontra. Hitzetatik abiatutako abesti bat da, ez soilik genealogikoki, dena dauka abestiak hitzaren zerbitzura.

Hilabete luze joan da azaroaren 5 hartatik. Josu, Paul, Peru eta Aitorrekin egon ginen Fenoglioren bueltan, labur, Konstituzio plazan ziztuan Iruñera itzuli aurretik. Aldi honetan izan ditugun soseguzko une gutxietakoak liburuekin izan dira besarkadekin izan ez badira. Eta ordea, lantuari gehien lotu garenean, izan da musikarekin. Abestu dugu Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Katu bi zazpigarren boxean, azken aldiz zeharkatzeko, irudimenarekin Markalain: «Ni zurekin. Zu nirekin. Elkarrekin bi katu teilatuan. Behin batean gau betean dantzan eta kantuan». Nahiz eta zu lo zeunden eta gurea ez den inoiz izan dantzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.