Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak esandako perla batzuek gogora ekarri didate gure eskola garaian ikastetxe guztietan ematen zen irakasgai bat, FEN (Espiritu Nazionala sustatzeko ikasgaia). Gure artean Politika deitzen genion, baina gero ikasi genuen politika beste zerbait zela, talde batek erabakiak hartzeko garaian egiten duen prozesu eta jokabidea, alegia. Eta jakin genuen ere grezierazko politikós terminotik datorrela hitza eta esanahia hiriaren antolakuntzari dagokiola. Baina ikasketa hori ez genuen garai hartako eskolan egin. Orduango FEN irakasgaiak gutxi zeukan herritarraren heziketaz eta asko garai hartako diktaduraren ideologia ezartzeaz.
Etorri ziren ondoren beste gai batzuk, eskolak berak irakatsi behar zituenak. Trantsizio garaian Bizikidetza demokrazian. Ondorengo urteetan, Etika, Balioen Hezkuntza eta giza balioekin zerikusi zuten zeharkako arlo batzuk. Eta azkenekoa, eta zalaparta handiena izan duena, Herritartasunerako Hezkuntza.
Orain, Wert jaunak, libertario digitalez, heziketa ez-demokratikoaz, ezkertiarren doktrinamenduaz eta halakoez lau haizeetara mintzatu ondoren, Herritartasunerako Hezkuntza kendu eta Heziketa Zibiko eta Konstituzionala jarri behar du.
Ez dakit zer lortu (edo lotu) nahi duen ministroak Konstituzioaren aldeko irakasgai berriarekin, baina, bi aldiz pentsatuko nuke nik.
«Ikastola separatistak» sortu zituzten irakasle denek, baita gurasoek ere, edo eta gure eskoletako irakasle «libertario» askok—familiari, berdintasunari eta homosexualitateari buruz halako «doktrinamendu ezkertiarra»eman dutenek— urteak pasa zituzten Francoren garaiko eskolan Espainia «Unagrandeylibre» haren aldeko laudorioak ikasten.
Ez dakit nola ez diren konturatzen eskuinetik ezarritako doktrinamendu nazionalek zer-nolakoak ekartzen dizkien.
Larrepetit
Bi aldiz pentsatuko nuke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu