Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Bi alarde

2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Aurten ezin izan naiz Irungo alardean egon. Beste zeregin batzuk izan ditut. Kanpoko lagun batzuekin egon naiz, jarraipen txiki bat ere egin diot; oso interesgarria izan da lagunen erreakzioa alardearen mobida kontatzen genien bitartean. Lehendabizi, garrantzitsua da esatea alardea baino bi egun lehenago ekainaren 28a izan dela, eta guk ere desfile bat izan genuela, baina, gurea ez da desfile bat, alegia, gurea manifestazio bat da. Gure lagunekin —transmaskulinoen talde bat— transexualitateaz hitz egiten genuen bitartean, alardeen gaia atera zen.

Transexualitatea egun gaixotasun mentaltzat dago definitua, hortaz, lehentasun bat da gaia lantzea, eta gaixotasuna mentalen zerrendetatik ateratzea. Horren harira, feminismoak edo transfeminismoak asko ikertu du gaia. Egun, ezin da esan bi sexu —arra eta emea— soilik existitzen direnik. Gorputza binomio hori baino askoz ere konplexuagoa da. Esate baterako, gorputz intersexuala da horren erakusle, ez du ez zakilik eta ez alurik. Gainera, egun ondo dakigu sexuaren eta generoaren arteko lotura arbitrarioa eta konbentzionala dela, hau da, alua izatea eta emakume generoarekin identifikatzea ez da naturala, eta alua duten gorputz asko ez dira emakume generoarekin identifikatzen, horien artean, neu eta gure lagun transexualak.

Gorputza ez dago konfundituta, ez dago erratuta, noski. Gure gizartea da gaizki dabilena sexua eta generoa kudeatzen. Guk gorputza, sexua, generoa eta desira kudeatzeko askatasuna aldarrikatzen genuen bitartean, gure lagunei azaldu behar izan nien badagoela festa bat, non desfile batean aluak soilik kantinerak izan daitezkeen. Alua duten gizonezkoentzako hori indarkeria zuzena da. XXI. mendean, maskulinotasun iraultzaile batzuk sortuko dira, zuen seme-alabak sortutakoak, sexu-genero arau hertsiak apurtuko dituztenak, eta, orduan, zuen alarde baztertzaile horrek ez du inongo zentzurik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.