Azkenaldiko egoerarik surrealistena utzi digu espetxe urteak murrizteko lege erreformaren inguruko zalapartak. Egunen batean jakingo dugu benetako troleoa izan den, hots, erreformaren bultzatzaileek haren alde egitera bultzatu dituzten besteak, praktikan eragingo lukeena jakin gabe, edota, kontrara, eskuinaren beste performance bat den dena, eta, zertan ari ziren jakin arren, espantuka hasi ote diren orain, gertuko lobby batzuk arrapostuka hasi zaizkienean.
Bitartean —hedabideetara begiratzea besterik ez dago—, euskal presoen inguruan zentratu da eztabaida esklusiboki, halako erreforma bat —preso bati dagoeneko beste estatu batean bete dituen urteak aintzat hartzea— etikoki egokia den edo ez baloratu gabe. Alegia, sakoneko eztabaidari heldu beharrean, azaleko kasu partikular bati begiratu zaio, beste behin ere kolektibo jakin bat, euskal presoena, kriminalizatzeko. Eta bistan da, Europako zuzentarau batez ari bagara, Europako Batasunak ez zuela bazter txiki bateko preso jakin batzuei mesede egitearren egingo, ez bada egoera unibertsalago bat aztertzeko asmoz.
Historikoki, salbuespenezko neurrien kontra egitea izan da euskal presoen aldeko mugimenduaren ildo nagusietako bat. Garai batean, sakabanaketa politikak irudikatzen zuen ondoen salbuespen hori, baina ez zen neurri bakarra. Eta azken urteetan, Euskal Herrian testuinguru berri bat ireki ahala, ezohiko neurri horien desaktibazioan zentratu dira esfortzuak, euskal presoei ohiko legedia aplikatu ziezaien. Eta, tantaka, eman eman dira pauso batzuk. Eskuinaren oraingo amorrualdia, beraz, ez da bakarrik lege jakin baten kontrako espantua: euskal presoen kontrako salbuespen egoera betikotzera dator.
Beti gertatzen ez den horri esaten diogu salbuespen, baina hemen, zoritxarrez, batzuk salbuespen dira beti.