Gaur egungo bikoteek dirua kudeatzeko duten moduez eztabaidatu duzu berriki adina bikoizten dizun pertsona batekin. Bikotekide bakoitzak bere kontu korronte propioa mantentzeko egungo joerarekin asaldatuta agertu zen bera; gauza arruntena balitz bezala, berriz, zu. Proiektu partekatu bat abiatzeko zimendu ahula da harentzat dirua (diru guztia) ez partekatzea. Norbere independentzia bermatzeko modua, aldiz, zuretzat. Eta errematerako haren epaia: hasieratik betiko ez irautearen beldurrez ari garela beti gaurko belaunaldikook, edo hasi orduko noizbait hiltzera kondenatuta balego bezala bizi dugula edozein harreman. «Badaezpada», diogula, eta hor dagoeneko ari garela ukatzen betiko izatearen aukera.
Egiaz, aspaldi da betikotasunak ihes egin ziola gure belaunaldiari hatz artetik. Betirako lanpostuaren ideiak, betirako etxearenak, fantasia hauskorrak dira 2008ko krisiaren abaroan koskortutako belaunaldiarentzat. Eta, ez dakizu premiaren premiaz hala onartzea besterik gelditu ez zaigulako den, edota desirak eta egoerak akonpasatu direlako, baina zaila izaten da egun edozein proiektu —deitu lan, deitu bikote— beti-betiko izango dela sinesmen osoz barneratzea.
Eta, betirako-aren garaiek alde egin badute, are urrunago daude oraindik betidanik-arenak. Itzulinguruak geroz eta luzeago dira, bihurguneak ugari, zerbaitetan egonkortu aurretik egin beharreko bidean. Eta hortaz, galdera bat darabilzu buruan, lan bat, bikote bat, betiko izan dadin, behar ote duen ere betidanik izan, edo nola neurtzen den eternalaren denbora-tartea.
Beste gauza bat da, erabat sinistu ez arren, zenbat betetzen gaituen oraindik betikoaren ideiak. Horregatik gabiltza hala, hanka bat fantasiaren ertzean eta bestea errealitatearenean, jakin gabe ongi zertan ari garen, eta zein den gure batailaren azken xedea, erromantizismoren porrot erabatekoa, ala sen onaren garaipena.