Idoia Etxeberria.
Larrepetit

Betaurrekoekin

2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Astoa ikusi nuen betaurrekoekin, buruan txapela ta gabardinarekin». Astoa ez, baina aurrekoan txakurra ikusi nuen gabardinarekin, eta buruan kapela zuela. Betaurrekoak bakarrik falta zitzaizkion.

Bederatzi urterekin, lagun baten alabak sujetadorea eskatu du. Txakurraren gabardina bezain zentzugabea. Baina bere lagun denek ei dute. Eta erosi egin diote. Laster wasapa eskatzen hasiko da. Eta hemezortzirekin, zer? Bularrak handitzeko ebakuntza? Auskalo.

Modak zer diren. Tanpaxarena bezala. Errazago mozkortzeko erabiltzen omen dute orain gaztetxoek. Alkoholetan busti, eta sartu. Telebistan ikusi nuen. Ez neskek bakarrik, mutilek ere bai. Atzeko tuneletik. Laster akaso normala izango da: parrandan mutil bat gerturatu, eta tanpaxik baduzun galdetzea. «Zer nahi duzu, maxi? Ala miniarekin nahikoa?».

Tanpaxik ez, baina niri konpresarik ba al nuen galdetu zidan gizon batek. Bat ez, bi nahi zituen. Eta gainera, hegodunak. Mendiko botetan jartzen zituen, plantilari lotuta. Hezetasuna xurgatzeko. Donejakue bidea egiten ari zen.

Baina esaten ari nintzena. Modak. Batere beharrik gabe erosten ditugun gauzak. Ume bat izan behar duzula? Monobolumena. Klaro, kotxe normaletan ez da kit osoa ondo kabitzen… Orain, pixoihalen hezetasuna neurtzen duen tramankulu bat ere atera dute. Fardelaren gainean jartzen da. Eta umeak pixa noiz egin duen abisatzen dizu, eskuko telefonora: «Fardela aldatzeko ordua da!». Negar egiten badu, zer? Sehaska kanta bat kantatuko dio?

Txakurrentzat ere asmatu dute aparatutxo bat. Lepokoan jartzeko. Txakurraren ibilerak kontrolatzen ditu: zenbat egiten duen lo, zenbat jolas, zenbat korrika. Datuak jabeari telefonora iristen zaizkio. Ez dakit ikusmen arazoen berri ematen duen. Baina ez da asko falta txakurrek betaurrekoak erabiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.