Idoia Etxeberria.
Larrepetit

Betaurrekoekin (II)

2013ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Kristalik gabeko betaurrekoak erabiltzea modan dago, Asiako zenbait herrialdetan. Apaingarri moduan darabiltzate. Koloretakoak, arroparekin bat datozenak. Begiak handiagoak egiten dituztela diote. Begizuloak disimulatzeko balio dutela. Eta badutela beste abantaila bat ere: kristalak ez dira lausotzen.

Betaurreko espiak ere badaude, aspalditik. Ezkutuko kamera dutenak. Tom Cruisek Mission Impossible pelikulan erabiltzen zituenak bezalakoak. Modelo mordoa daude aukeran, Interneten.

Baina betaurrekorik harrigarrienak Italian asmatu dituzte, Turinen. Francesco Ferro neurologoak. Mnemosline dute izena, eta memoria «trebatzeko» balio dute. Plastikozkoak dira. Superheroi eskas baten betaurrekoak dirudite, brometakoak. Gainera, Adolfo Porro geriatraren laguntza izan duela jakinda, asmakuntzak ez dirudi oso serioa ere. Baina 10 urteko ikerketaren emaitza omen da.

Eric R. Kandelen lanean oinarritu da Ferro. Memoriak dituen mekanismoak ikertu zituen hark. Eta argi uhinek burmuinean duten eragina. Nobel saria jaso zuen, 2000. urtean. Mnemosline betaurrekoek kristalen ordezLED gorriak dituzte, argi keinulariarekin. Burmuina estimulatzeko.

Begiak itxi, eta egunean hamar minutuko saioa egitea aski da. Bizpahiru hilabetean igartzen ei da hobekuntza. Antza denez, memoria hobetu egiten da, ederki egiten duzu lo, eta erlaxatuago zaude. Eta ez hori bakarrik: ikusmena, entzumena eta zirkulazio sistema ere hobetu egiten dira.

Ferrok 85 urte ditu. Erretiroa hartu zuenetik zahar egoitzetan dabil lanean, boluntario moduan. Eta berdin Porro ere. Dirudienez, hantxe egin dituzte probak. Hori bai, betaurrekoek adin guztietarako balio dutela diote. Probatzeko gogoa ematen du, ezta? Izan ere, horrek bai ematen duela ezinezko misioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.