Udaberria dela gogoratu dut jaiki eta euriak logelako kristalak bustitzen zituela. Arin lo egiteagatik nekatuta, gorputzeko hezurrak sentitzen ditut. Nire hezurdura beteranoak eskertuko luke eguzkiaren epela bizkarrean. Lanera joan beharrean, mendiko zelai batean etzanda egotea beharko nuke gaur. Burua ametsez beteko litzaidake, umetan, eskola garaian irakasleari entzun beharrean ametsetan kateatuta gelditzen zitzaidan bezala. Imajinazioa hegan jarriko nuke gailur gorenetara iristeko, baso usaintsuenetan galtzeko, itsaso gardenetan murgiltzeko, harea zurienetan etzateko. Orduak emango nituzke ase gabeko desiotan dantzan, bete ezineko fantasietan kulunkan...
Baina egutegi digitalaren alarmak ekarri dit eguneko zereginen zerrenda eta hezurretako minak —arina izanik ere— ekarri nau goizeko programaziora. «Ala, maitia —nire baitan— ordu eskasa daukazu gosaldu, komunetik pasatu, dutxatu, jantzi eta lanera joateko». Egutegiaren alarmak hasitako lana bete du irratiak, nire gogoa eguneko jardunean erabat kokatuz, eta jarri naiz martxan. Bestetan baino makalago, kristaletan jotzen duen euriak borondatea likatu balit bezala, egin ditut goizeroko egitekoak.
Autobusean, atzeko bazterreko jarlekuan eserita, lanera arteko minutuak bakartua igaro nahian, aurikularrak jarri ditut musika entzuteko. Xabier Leteren ahotsa errezitatzen: «Sinisten dut / egunen batean hilen naizela / hutsean eroria / ezerezean amildua / hauts bihurtuko naizela. / …Sinisten dut / kolore zoragarrizko larrosen kapulotasun leunean / haize euritsuaren freskotasunean / itsasoaren aldakuntza gazi mugikorretan jakintsuagotzen gaituen zalantza orokorraren baitan».
Ez du atertu. Euriak jotzen du leihatilan. Hezurrak, jaiki naizenean bezala, sumatzen ditut, makal. Baina heriotzari kantatutako aitormen hori hain da bizitzaren gorespena, irribarrez iritsi naiz lantokira.
Larrepetit
Bestetan baino makalago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu