Samara Velte.
LARREPETIT

Beste zerbait

2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Momentu batzuetan, beste zerbaiti buruz hitz egin nahiko nuke. Udaberriari falta zaizkion egunez, etorkizunerako plan umilenez, ikusitako antzerki obra batez. Ez supermerkatu hutsez, ahoa estaltzeko maskarez, eztula egiteko moduez. Elkarren artean susmagarri bihurtu gaituen horretaz ere ez; autobusera igo behar ote genukeen edo ez erabakitzeaz. Mugak ixteaz eta mugak sortzeaz, nork bere inguruan hiru metroko diametroa hesituta. Albokoa, inoiz baino urrunago. Ordu erdiko albistegi monotematikoak, beste gairik ez igogailuetan. Amaitu dira munduko gerrak, lan istripuak eta zabortegi kutsagarriak. «Dena ondo dago», baina inoiz baino deserosoago gaude ondotasun honetan: gutxienez hurrengo bi asteetan zer gertatuko den aurreikusi ezin dugunean, urduritu egiten gara. Beharbada ez geunden horren ondo, hainbesteko kontrola exijitzen genion gure buruari eta munduari. Eta usadioak dio behar dugula ahots goren bat «dena ondo dago» esango diguna, baina elizak eta Meka ere itxi ditugu, fede orok baititu, antza, bere mugak. Mesfidantzaz begiratzen diegu duela gutxira arte autoritatea zerien figurei: osasun langileei eta prentsaurrekoetan gu bezain galduta ageri diren politikariei. Batzuek Medikuntzako masterra egin dute Googleren unibertsitatean. Umorean ezkutatzen dugu kezka. Edozer, egiaz gure gorputzetan gertatzen dena beti kontrolatzeko modurik ez daukagula onartu baino. Gure bertsiorik zatar eta izuena atera da, indibidualki zein kolektiboki: honetaz ari ginen zaintzari buruz aritu garen denbora guztian. Ospitale beteegiez, nora ez duten haur eta zaharrez. Eta, bien bitartean, ez dakigu zeri buruz hitz egin: eguraldiak, merkealdiek eta asteburuko planek egoera arrunt batean baino ez daukatelako zentzua. Birus fisikoak kutsatu baino askoz lehenago harrapatu gaitu birus psikologikoak, eta agerian utzi ditu gorputz kolektibo honen gabeziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.