Larrepetit

Beste plan batzuk

UXUE APAOLAZA
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Gurean gerrak John Lennoni bizitza pasatzen zitzaiola dioten eran gertatzen dira, beste plan batzuk egin bitartean; egunkariak irakurtzen ez baditugu ez baleude bezala da. Oraingoan libiarrak babestera bakarrik omen goaz; ez dute «armas de destrucción masiva» bezalakorik asmatu ere aurreko argumentua indartzeko. Gezur txikiena eta Bengasiren atarian Franco Madrilera sartu zenekoa gogorarazten duen etsai delirante bat nahikoa izan dira.

Tituluetan agertzen ez diren herrialdeetako egoerekin ilustratzen dira argudio horren kontrakoak, Birmania irakurri dut, edo Sudan, are hemen itxirik ditugun etorkinak aipa zitezkeen, torturez ere maiz hitz egin dutenak, edo ez dakit, Kolonbia, babesteko beharra duen populazio zibila askotarikoa eta oparoa baita munduan. Baina tituluek ere balio digute agian, zuzenean irratietako uhinek Aaiungo oihuak ekartzen zizkigutenean sahararrak babesteko presarik ez zitzaigun sartu, ezta orain Marokon protestak hasi direnean, Mohamed VI.enik gabe, etorkinak ixteko kartzelaz beteko litzateke penintsula —bestela kaleetan hainbeste molestatzen diguten etorkinak, batez ere hauteskunde kanpainetan—, zer esan palestinarren babes beharraz, aste honetan bertan futbolean zebiltzala hil dituzten hiru umeren irudiak sobera publikatu dira. Israelen kontra ez du ezer esaten gobernu espainiarrak, ezta hiru espainiar Gazara bidean bahitzen badituzte ere nazioarteko uretan.

Gaddafi agintean mantendu dugu, erabaki horrek suposatu duen pobrezia eta zerraldoak libiarren kontu, orain libiar horiek izango dira berriro zerraldoak jarriko dituztenak, beraien babesarekin zer ikusirik ez duten arrazoiengatik. Guk gasolina garestitzen denetan protestatuko dugu, zer ikusirik ez balu bezala, eta agian oraingoan gerrara joan garela gogoraraziko digun atentaturik ere ez da izango, eta munduak gure neurrira jarraituko du, Gaddafirekin, eta berdin gabe ere, agian libiarrak libreago direla sinisturik, afganistandarrak diren eran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.