Hedoi Etxarte

Beste martxoaren 8ak

2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Rosa Luxemburgen urte berean, Parisko Komunarenean, jaio zen Anna Petrovna Ostrumova-Lebedeva artista sobietarra. Stiglitzen hasi zen marrazketa teknikoa ikasten eta gerora Arte Ederren ikasketekin jarraitu zuen Parisen eta Italian. 1899an batu zen San Petersburgoko Mir Iskusstva (Artearen mundua) taldera.

Hirien margolanak egin zituen, ilustrazioak, grabatuak. Petersburg landu zuen sarritan, historialarien liburuak laguntzeko irudiekin eta, ziurrenik ezagunenak izango ziren Aleksandr Blok poetaren zikloa ilustratu zuen.

Baina irudiak bezain garrantzitsuak izan ziren Ostrumovaren kaierak eta egunerokoak. Aurrena Nire sorkuntzaren bideak izkiriatu zuen, handik eratorri zuen Ohar autobiografikoak, sail batean argitaratu zituzten 1935etik aurrera. Konbinazio ia ezinezko batean artikulatu zituen diziplina, independentzia eta pentsatzeko askatasuna.

Naziek Stalingrad setiatu zutenean hantxe zegoen ere Ostrumova. 1942an atxilotu zuten, debekuen gainetik kaleak marraztera atera zelako. Haren proiektua zen Leningrad Aberri gerra handian zehar marraztea. Eta atxilotu zutenei esan zien Bartoxevitx artearen komisarioari mezua helarazteko: «Erregutzen dizut hiri honetako kaleak marrazteko baimena ematea. Gaur zirriborro txiki bat egiten hasi naiz eta atxilotu naute eta lagunduta eraman NKVDraino. Han galdeketa luze bat egin didate (zeharo justifikatua) eta gomendatu didate zirriborroak egiteari uztea zure baimena jaso arte».

1942 eta 1943ko hotzaren, gosearen eta bonbardaketen estresaren erdian postalak egin zituen: Fronteko gutun irekiak. 1942ko udaberrian hiriko batzordeak eztabaidatu eta erabaki zuen opari bat egitea Eskoziako emakumeei Leningraden setiatutakoei elkartasuna adierazteagatik.

Martxoaren 8an zera jaso zuen: «Mundu osoko fantasmagoria honetan erromantizismo sataniko bat sentitzen dut eta, gainera, handitasuna, heriotzarenganako eta suntsipenarenganako bulkada bat. Zirimola beldurgarri eta bortitz batek hartu du lurra eta dena nahastu da eta ke beltzaren inguruan hasi da biratzen, sutan eta elur ekaitz batean. Eta gu, Leningradekook, setioan itotzen ari gara, harea-pikor mikroskopikoak gara zikloi erraldoi honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.