Tabernariari» deitzen zen orri horretan idatzitako lehen zutabea. Ondotik, beste idazki askoren hobendun izan banaiz ere, azken kronika honetan oihartzun bat egin nahi nioke lehenari. Han, tabernari batek Baionako bestetan ikus eta entzun ditzakeen bitxikeria guziak zerrendatzen nituen. Edanaldi terapeutikotik, mozkorraldi askatzailera, tabernaria giza psikologia desinhibituaren lekuko pribilegiatua da. Baionako bestak gaur hasi eta igande arte iraunen dute. Basamortu kulturala eta eredu atzerakoia proposatzen badute ere, izugarri maite ditudan bestak dira. Hamahiru urtez taberna atzean lan egin ondoren, beste aldera pasatuko naiz aurten.
Ezinegon sentimenduarekin itxoiten ditut besta hauek: zapi gorria, jantzi xuriak, 5 zigarreta paketeak eta buruko minaren kontrako erremedioak prest-prestak ditut zakuan. Prest ere aspaldi ikusi ez dudan jendearekin kasualitatez topo egiteko, karrika baten bihurgunean: «To, aspaldiko! Zer berri, pottolo? Badu zenbat kilo ez dugula elkar ikusi?». Prest ere, Batera-ren mobilizaziotik, txosnen gunera eta presoen aldeko bazkaritik ikastolaren aldeko taloetara, Baiona alternatiboko poteoa egiteko.
Baina jendartearen ispilu handitzailea den heinean, badakigu Baionako bestak bestelakoak ere izan daitezkeela. Gurea ez den eredu bat dela oroitaraztea ez da debaldekoa. «Ez» hitza, ez da sedukzio fasean berantetsirik atxikitzeko erabiltzen den teknika, erabaki irmo baten adierazpena baizik. Eskua ipurdian ematea ez da balakan aritzea, jazarpen sexista bat baizik. Adin txikiko haurrak bestara ekartzea ez da inkontzientzia, haiei maite dugun hori transmititzea baizik. Garagardoaren prezioa biderkatzea eta komunak hestea ez da bestei egokitzea, bestazaleaz trufatzea baizik. Euskaraz manatzea ez da «de l'autre côté»-koa izatea, euskalduna baizik. Hori erran eta, ondoko egunak arte Pannecau, Cordeliers edo Marengo karriketan barna.
LARREPETIT
Bestazaleari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu