Ander Perez Argote

Bero

2024ko uztailaren 26a
05:00
Entzun

Pirinioen beste aldean jaio izan bazina —edo, lagunak dioen bezala, Espainiaren ordez Frantziak konkistatu izan bagintu Hegoaldekoak—, agian ez zenuke orain udaz duzun iruditegia. Baina ez denez hala, bero olatua entzun eta barruko kamiseta tirantedun zuriz jantzitako gizon tripadunak datozkizu burura, plastikozko aulkiak etxeko ataritara ateratako señorak, txitxarren zalapartak lagundutako siesta luzeak, eta tabernetako haizagailuak tope, mostradoreko entsaladilla errusiarrak usteldu ez daitezen.

Mugaz bestaldean jaio izan bazina, agian ez zenituzke udako postrerako Mantxako meloiak aurkituko supermerkatuan. Esadan, mugaz bestaldeko biztanleek jaten ahal duzue Frigopie edo Micolapiz-ik igerilekutik ateratakoan? Ba al duzue Grand Prix-en berririk? Edo zuentzat ez da uda Manolito Gafotas-en eszena bat?

Baliteke halere muga ez izatea estatuen artekoa bakarrik. Uren isurialdeak banatzen diren lerrotik hurbil hazi zara zu, non ur tanta bat alde batera eroriz gero Norvegiako fiordoetaraino bidaiatuko duen, eta bestaldera jauztekotan, Levanteko txiringitoetara. Egunak daramatzazu penintsulako tenperaturaren mapari erreparatzen, Kantauriko kosta estaltzen duen kolore urdineko salbuespenari begira, zuk sanferminetan auskalo nork etxean ahaztutako abanikoa astintzen duzun bitartean.

Agian dena aldatuko da laster. Igoko dira tenperaturak eta berotu orain arte fresko ziren lekuak. Agian berdin kolpatuko gaituzte laster bero-olatuek, herri bakar bezala, eta orduan, mila zapalkuntzak asfixiatutako komunitate trinko bezala erantzungo dugu, kaleetako sute-ahoak irekiz, subertsioaren ikur, Spike Lee-ren Do The Right Thing filmean bezala.

Irailera arte, eta bero on.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.