Blanca Urgell
LARREPETIT

Berbaren xerka

2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Etxean liburu gutxi, aitak irakurtzen zituen II. Mundu Gerrakoak alde batera utzita (itsaspekoen istorioak, holokaustoa), eta Jardiel Poncelaren bat isil-gordeka irakurri nuena, baina entziklopedia bat bazen, bada oraindik, ez oso zabala, ez geroago amaginarreba zenarengandik heredatu nuen Larousse itzela bezalakoa, gurasoek ikasketetan laguntzeko erosi zidaten apala baizik, eta han ematen nituen orduak, sarreraz sarrera, egun txioz txio ibiltzen naizen antzera. (Telebistan kate bi baino ez zeudela ere kontuan hartzekoa da).

Ez dut zaletasuna galdu, ez naiz aspertzen hiztegietan atzera eta aurrera, denbora-pasa, ikasten zein ikertzen. Zenbat sarrera ditu A letrak? BE-tik BE-ra zenbat daude 1745 baino lehenagokoak, eta zenbat hain juxtu data horretakoak? Zenbat dira mailegu? Zein dira halako edo holako hitzen eratorriak? Paperezko hiztegietan nabil honetan, ordea. Sarekoek Berbaxerka jokoan jokarazten digute, elebidunak ez izatera: ezetz asmatu. Ez dakizkigun hitzak, burutik pasa ere ezin zaizkigunak, hiztegiaren barrunbe ilunean daude, aingira moreen antzera zelatan, nork harrapatuko: hemen ezabizi, ezade eta ezadetsu, han itxindi, harago lanpustu, lantzer eta lapatin. Nork ikusiko? Finean, nork erabiliko?

Erronka bota diot neure buruari: ezetz aurkitu Egungo Testuen Corpus-ean. Eta, bai, hantxe daude. Ez niri biharko eguraldia galdetu, ez Ukrainarekin zer gertatuko den. Denak aurkitu ditut, ezade izan ezik, nahiz ezadetsu haren eratorria bai (Ezadeen ontzia dago ezade-ren tokian, 2015ean tripulazioak 360 migratzaile siriar abandonatu baitzituen Italiako kostaren aurrean). Lanpustu bi aldiz oker lanpostu-ren ordez hedabide bitan, baina aditza ugaritxo Iparraldeko testuetan. Argialdi batek jo nau ezustean: itxindi, lanpustu, lantzer, lapatin... patuak hautarazi dizkit eta... Gehiago irakurri behar zaitut, Itxaro Borda.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.