Larrepetit

Berandu?

2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Puntualtasuna baloratzen da Alemanian (beste balio batzuen artean), baina kasu batzuetan berandu heltzea ez da hutsegia. Adibidez, «berandu piztu» direnak daude (spätzün-der): beren garapenean beste batzuk baino denbora gehiago behar izan duten arren, inolaz ere atzean geratu ez diren horiek. Bakoitzak bere erritmoa du. Eta gauza batzuk ez dira posible lehenago.

Eguneko hitzorduen segida puntuala hautsi didatenak:

Helge. Ohiko bezeroa da nire lagunak lan egiten duen kafetegian, handik oso gertu bizi baita pertsona edadetuentzako egoitza batean. Hainbat ezgaitasunekin jaio zenez, txikitatik bizi izan da egoitza berezi eta kliniketan, non ebaketak seriean egiten zizkioten, eta hiru aldiz ikasi behar izan zuen oinez. Gorputzaren zati bat uzkurtu antzean du, bizkarrezurra guztiz luzatu ezingo balu bezala. Hitz egiten ikasi zuenean 16 urte zituen, baina berarekin solasaldi bizi eta interesagarria duenak, ez dio hizkeran ezer nabarmenduko.

Aishe. Istanbuletik Berlinera etorri zen, 20 urte bete berriak, kafetegi batean aurkeztu zioten lehengusuarekin ezkontzera. Lehen bi urteak herriminez negarrez eman zituen. Dagoeneko baditu hiru ume eskola adinean eta oraintsu ekin dio alemanera ikasteari, hamar urtez hemen bizitzen egon ondoren, gauzak bere kabuz egiteko gai izan nahi duelako.

Sigrid. Propolis pintura dendako jabeak bezeroak ordu pare batez atxiki ohi ditu elkarrizketaren bitartez. Oraingo bikotearekin 37 urte daramatzan arren, aurretik alaba bat izan zuen gaztetako maitale batekin, eta, teknologia berriei esker, egun 44 urte dituen alaba ezagutu ahal izan du. Astiro astiro, emakume horren begikotasuna irabazten ari da.

Euskaldunok ere badakigu: berandu etortzea hobe, behin ere ez etortzea baino. Esaera zahar bat topatu dut, laborantza gizarteko irudi batekin ilustratzen duena: «Berandu ereitea gexiau da, bapez ereitea baño».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.