Ander Perez Argote

Beldurraz

2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Lehenago ere harritu izan zaitu beldurraren botereak. Forma ezberdinak hartzen ikusi duzu: paralizatu zaitzake, gorputzaren inguruan kapak erantsi, ezkatak, mintzak eta geruzak, zure baitan oskoltzeraino. Beste batzuetan, erokeria zoroetaraino eraman zaitzake, eta, erabilera maltzurraren menpe badago, posizio ankerretara bultzatu ditzake masa osoak. Totalitarismo ororen muinean beldurra dago. Fobia esaten diogu, eta bestearekiko gorrotoa izendatzeko erabiltzen dugu, baina beldurraz ari gara finean, etimologiak erakutsi digunez.

Zuk ere begiratu diozu kezkaz eta inpotentziaz azkenaldian inguruan hedatzen ari den xenofobiari. Eskuin muturreko alderdiak zirenean erraza zen; orain ondoko bizilagunari ere entzuten diozu, «hau esaten badut arrazista esango didate, baina…» esaten hasten denean. Donostian kaleko afari solidarioen kontra elkarretaratzea egin dutenek kalera ateratzeko beldurra erabili dute argudio gisa. Etxera gauez itzultzeko beldurra magrebtarrak seinalatuz aipatzen dutenek ere bai.

Beldurra zilegi da; harekin edozer egitea, ez. Beldurra tonaka senti dezakezu, sentituko duzu, gaur ez bada bihar. Sentituko duzu noizbait bakarrik gelditzeko beldurra, pisua ordaindu ezin ahal izatekoa, noizbait erasotzaile jokatzeko beldurra, eta beldurrari beldurra. Gehienetan, egitateak baino gehiago, egoera hipotetikoak egongo dira, ordea, oinarrian, potentzian proiektatzen dituzun aukerak.  

Horregatik, beldurra benetakoa edo norberak zein beste batzuek eraikitakoa ote den pentsatzea izaten da lehen pausoa. Konturatuko zara nola erlatibizatzen doazen barruko izu asko. Baina gerta liteke aski ez izatea. Halakoetan, beldurra erabat arrazionala eta justifikatua denean ere, hobe eginen genuke oinarrira jo, sakoneko arrazoiak bilatu, eta azalean geratuko ez bagina. Eta hori da hemen arazo nagusia, azalari begiratzen zaiola bakarrik. Bakarrik azalari. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.