Ander Perez Argote

Belaunak eta belaunaldiak

2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

Jakin berri duzu Irlandako gatazkaren gogorrenean kneecaping izenez ezagutzen zela belaunetara tiro egiteko praktika ohiko samarra. Mo Chara, Móglaí Bap eta DJ PróvaÍ gazte irlandarrek horregatik jarri zioten Kneecap izena orain zazpi urte Belfasten sortu zuten rap taldeari. Orain, film baten itxuran iritsi zaizu talde horren istorioa.

Pelikula musika talde gazte baten arrakastari buruzko istorio tipikoa litzateke, ez balitz aldetik aldera zeharkatzen duen mami politikoagatik. Taldekideek irlanderaz abesteko hautu kontzientea egiten dute, eta, gatazkaren ondorengo belaunaldikoak izan arren, etengabe maneiatzen dituzte orduko erreferentziak, modu lotsagabean: ketaminaz lepo dauden une batean Gerry Adamsen irudia agertzen zaie haluzinaziotan, eta Life of Brian pelikularen sketch bat bailitzan, IRAren talde disidenteak erridikulizatzen dituzte. Besteak beste.

Filma ikusi ostean pentsatu duzu gatazkatik distantzia jakin batera kokatzen den belaunaldi batek baino ezingo lukeela halakorik egin, konbentzimendu militantetik, dogmatik eta lotura sentimental zuzenetatik aparte dagoenak (eta orain gutxi agur esan duen zure hiriko talde bat etorri zaizu gogora). Zeren eta, gurean ere, errelatoarekin bueltaka gabiltzan honetan, gazte belaunaldiek euskal gatazkaz jasotzen duten kontakizunean jartzen dugu fokua. Baina gazteak, hartzaile izateaz gain, erreprodukzio berrien igorle ere badira. Eta hala osatzen doa memoriaren espirala, batak bestearengandik jasotakoaren (eta, sarri, ez jasotakoaren) gainean eraikiz eta birsortuz. 

Zuk baino hobeto azaltzen du Samara Veltek, Jakin aldizkari berrituan idatzitako artikuluan: «Gazteak ari dira eurentzako baliagarria den memoria bat eraikitzen, eta haren mekanismoak ulertzea ezinbestekoa da aurreko belaunaldiek maiz identifikatzen ez dakizkiten hutsuneak ikusteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.