Behe lainoa ezin gainetik kenduta zabiltzate Iruñean azkenaldian, eta ez da erraza urte batetik bestera igaro zaretenik antzematea. Estatura iritsi nahian 10.000 etorkin hil zirela izan zen urtea amaitu aurretik txunditu zintuzten azken albisteetako bat, eta Kanarietara iritsi nahian bi lagun hil direla irakurriz hasi duzu urte berria. Denbora neurtzeko bestelako unitaterik beharko ote genukeen pentsatu duzu, zerbait aldatzeko aukera eman diezaiogun. Edo alferrik ez ote den asmoak eta balantzeak urteka antolatzea, zeharkatzen gaituzten egoerek bestelako logikak erabiltzen badituzte.
Luzeegi doaz Gabonak, eta sentsazioa duzu abenduaren 20an hasi zela urtea bukatzen, eta urtarrilaren 7ra arte behintzat ez dela benetan hasiko. Bitartean, bestondo itxurako laino konstante batean bizi zarela sentitzen duzu, gauzak inoiz baino gehiago gertatzen direla, jendea inoiz baino gehiago gurutzatu, baina ez dakizula horri etorriko den urtearen traza hartu beharko zeniokeen, ala iragan denaren sintesi forma. Edo bietako bat ere ez.
Kontuak kontu, urte batena ez bestearena ez den denbora impasse honetan, lanean baina oporretan baina lanean baina oporretan zabiltzan honetan, noizbait Miren Amurizak Pleibak-en bezala idatzi nahiko zenukeela pentsatu duzu, baina La Llamada litzatekeela noizbait idatzi nahiko zenukeen liburua; lezioak ez dituztela beti zaharragoek ematen ikasi duzu, nolabaiteko justizia poetikoa ikusi nahi izan duzu Nafarroako urteko lehen jaioberria Saharako kanpalekutik etorritako gurasoena dela irakurtzean, eta oraindik zure izate sakonenarekin lotzen zaituen zilbor-heste politiko bat badela sentitu duzu Atarrabiako azken Hatortxun karpa betearen jo ta ke oihuak oilo-ipurdia jarri dizunean.
Eta pentsatu duzu, azkenean, gertatu beti gertatzen direla gauzak, aldatu dena aldatzen dela, baina behe lainotik irten behar dela horretarako, altuera irabazi eta perspektiba hartu, laino trinkoak parean duguna ikustea oztopatu ez diezagun.