Lagun batekin urteroko hausnarketa partekatzen amaitu dituzu sanferminak. Aipatu diozu izaten duzula urtero halako kezka arraro bat, izango ote duzun hurrengo urteko festetan parrandan zeinekin atera. Eta, gure eta ingurukoen bizitzak hainbeste aldatzen zaizkigun adin fase berean zaudetelako edo, antzerako zerbait sentitu ohi duela erantzun dizu berak. Salbatu bagenu bezala urte bat. Ea hurrengoan.
Gero pentsatu duzu, hainbeste jenderekin kantu, dantza, jan eta edanean aritu zaren egunotan bertan zenbat jende egongo ote zen bakarrik. Are, zenbat jende sentituko ote zen hiri honetan bertan inoiz baino bakarrago, dena jende eta lagun kuadrillez betetako kaleetan, bai ala bai besteekin elkartzera behartzen zaituen testuinguruan, derrigorrezkoa denean bakarrik ez egotea.
Orain oporrak datoz, eta terapian behin entzundakoa gogoratu duzu, nola bikote hautsi berritan edo bestelako doluetan dabiltzanentzat gogorrena festa egunak eta asteburuak diren, bakardadeari errutinarekin erantzuterik ez dagoenean. Badakizu zerekin konektatzen den horrelakoetan, denak deskonektatzera doazela diotenean.
Aurreko batean, festetako eta urte osoko masifikazioaz ari zinetela, arazoa lehenago ere bazegoela zioen lagunak, baina gizartearen beharrak direla berritzen doazenak. Deskantsu beharraz ari zineten orduan, baina izan daitezke bestelako beharrak ere. Bakardadea lehen ere bazegoen, adibidez. Horri erantzuteko sistemak dira etorkizunean beharko ditugunak. Komunitatea eta zaintza sareak. Festetan eta urte osoan zehar.
Eta ez da kapritxo bat. Etengabe hobetu nahian dabilen gizarte baten seinalea litzateke.