Manex Agirre.
LARREPETIT

Begirada

2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Sareak eraman ninduen, aspaldi samar, Kike Carbajal argazkilariaren «Somos la calle» («Kalea gara») egitasmora (gugleatu ezazue, merezi du). Fotografia antropologikoa deitzen dio egiten duenari, street photography diziplinaren barruan, alegia: kalea gizakion bidez erakusteari. Ez dago hainbeste emana Cartier-Bresson-en «une erabakiorraren» bilaketari, ezpada hiriaren (kasu honetan, Madrilen) izaera (ez naiz «arima» esatera ausartzen) jasotzen saiatzeari. Jendeok egiten baititugu lekuak, lekuak berak baino gehiago.

Lasaitu egiten nau argazkilari madrildarraren irudietan ibiltari ezezagunen aurpegiak ikusteak. Egin proba: hartu Carbajalek Hortaleza kalean ateratako argazki bat, neska gazte batena, Primark-eko poltsa itzela besotan hartuta, burua beste nonbait duela oinez doana, adibidez; eta jarri parean helburu turistikodun edozein eskuorritako aurpegi zoriontsu bat. Ea zeinek sortzen dizun ezinegon handiagoa.

Kalean dabilen jendearen argazkiei begira, badatoz ohar mentalak. Zein gutxi kuestionatzen dugun gure begirada, beti baita errazagoa begiratzen dugunaz jardutea, gutaz baino. Azkenaldian askotan tokatu zait entzun edo irakurtzea artea (fikzioa) dela errealitate traumatiko bat ulertzeko modurik zehatzena, informazio-gaindosidun gizarte honetan zaila baita gertatzen dena patxadaz irenstea. Eta bai: ustez benetan gertatzen ari denaren ikus-entzule garenok, informazio-inputak zelofan paperean bilduta ematen dizkigutela ohartzen ez garen bitartean, hobe gainean eraikitako fikzio-planoetatik begiratu. Hobeto ulertzen dira gauzak horrela. Edo guk aukeratutako gezurrak irensten ditugu, behintzat.

Post-egiaren zera hori deskribatzen asmatzen hasten garenean, ohartzen gara uste baino lehenagotik datorrela arazoa. Mingostu egiten dit umorea horrek. Gero, jende ezezagunaren argazki batzuk ikusi, eta airean doaz kezkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.