Osasun sistema publikoak bideratuta, Nafarroako Unibertsitate Klinikan bukatu duzu astearte buruzuri batez, oftalmologiako errebisio arrunt baterako. Betaurrekoak jantzita ibili zara azken egunetan, kontsulta baino 48 ordu lehenagotik lentillarik ez erabiltzeko eskatu baitzizuten, eta hala sartu zara, aspaldiko partez, Opus Deiren klinikara. Harrerako mostradorean ez du recepción jartzen, baina kartel handi bat dago, caja dioena. Bertako andreak irribarre batekin esan dizu hilabeteko epea duela osasun sistema publikoko zure deribazioak, eta, okulistak, kontsultaren ondoren, beste hitzordu bat emango balizu, hobe zenukeela Osasunbidean horren berri eman, «espero gabeko fakturarik» jaso nahi ez baduzu. Eta beste irribarre bat.
«Volkswagen-en ondoren, hau da Nafarroako enpresarik handiena» esan dio itxarongelako zure pareko gizonak bikotekideari. Begi-niniak dilatatzeko tantak hartuta zaudete denak, eta gero eta lausoago ikusten duzue dena. Halere, ongi ikusi duzu bi aulki haragoko gizon tiranteduna irakurtzen ari den egunkaria ABC dela, eta ikusterik ez duzu behar izan entzuteko, beste aldeko andreak, berarekin dagoen gizonari, ongi harrapatu ez duzun katalanezko elkarrizketa baten erdian «putos comunistas» esan diola, azken hori espainolez.
Ziurtatu duzu ez dela begietan hasi eta burmuineraino doan nebulosa aurretik ere esperoko ez zenukeen aurreiritzi sorta ikus-entzutera eraman zaituena. Begiak aztertzeko zain zaudete denak, errealitate bera duzue ikusgai, baina batzuen begiradek aspaldi ez dute erremediorik.
Kontsultatik atera zara, zeure buruarekin egindako apustua irabazi duzula pentsatuz —bai, Ama Birjinaren koadroa zegoen medikuarenean—. Igogailuan jaitsi, caja ondotik pasa, eta, hotel batekoa dirudien ate birakarian kanpoko epelera zoazela, pentsatu duzu naturak bi begi eman zizkigula denoi, bi kornea, bi iris eta bi begi-nini, eta, hala ere, zein ezberdin ikusten dugun mundua.