Larrepetit

Begia

2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bi dauzkagu. Handiak, txikiak, atereak, zapalagoak, luzexkak, urdinak, marroiak, beltzak, berdeak izan litezke, eta ikusteko erabiltzen ditugu: mundua, geure burua, pertsonak, gauzak, koloreak, formak. Baina hori baino askoz gehiago dira: begiaren atzean, intentzioak, sentimenduak, pentsatzeko moduak, ideiak, maitasuna, gorrotoa, mina, poza, historia aurki litezke. Egia da ez dela erraza izaten, batzuetan, begietara begiratu eta hori guztia sumatzea, ikustea. Baina begiradek, dena ez bada ere, ia dena esaten dute, eta atzean dagoena salatu edo agerian jar dezakete. Begiak ispilua bezalakoak direla esan zuenak, arrazoi.

Badira, ordea, begirik ez dutenak ere: umetan gure aitonak behin baino gehiagotan gogoratzen edo oihukatzen zigun moduan, harriek eta makilek ez dute halakorik. Eta nago denok jabetu garela haurtzaroan noiz edo noiz horretaz. Baina bai haiek eskuetan hartzen dituenak eta haiekin zer egin erabakitzen duenak. Eta, kasu honetan ere, begi horien atzean, intentzioak, sentimenduak, pentsatzeko moduak, ideiak, mina, poza, historia daude.

Borrek eta gomazko pilotek ere ez dute begirik. Baina bai haiek dantzan jarri eta zer egin erabakitzen duenak. Eta aurpegia estalita eraman arren, bi begiak beti geratzen dira agerian. Eta horrekin,intentzioak, sentimenduak, ideiak…

Bistakoa da bai borrek eta bai pilotek min handia eragin dezaketela. Errekuperatu ezin ahalakoa. Iñigo Cabacasekin bezala, pozik, ilusioz, bizi zeuden begiak betiko itzal eta itxi ditzakete. Eta familiakoengan, lagunengan negar malkoak eragin, begiradak tristatu, lausotu.

Ezin da ezikusiarena egin eta itsu geratu. Borrak eta pilotak dantzatzen dituzten zenbaitzuen begien atzean dagoenaz jabetzeko ordua da. Begiek eta begiradek bezala, zenbait ekintza eta jokamoldek, askotan, ezkutuan gorde nahi dena agerian jartzeko balio baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.