Misterioa da begi zuloena. Zenbat eta beteago, orduan eta zuloago.
Zuloak hustuz egiten dira. Definizioz. Hustu gabe ere izan litezke zulo, baina berez direnak betetzen hasiz gero, zuloa txikitu egiten da. Handiena izanda ere desagertzeraino. Begietakoak izan ezik. Betez hazten dira. Begi zuloak dira zenbat eta gehiago bete orduan eta sakonago diren zulo bakarrak.
Misterio gehienak bezala erakargarria da begi zuloena ere. Iradokitzaileak dira. Irakurri nion behin norbaiti orbanei buruz xarmagarriak iruditzen zitzaizkiola aurpegikoak. Irudimena oso urruti joaten zitzaiola orbain bakoitzaren atzean ezkutatzen zen istorioaren bila. Bakoitza delako istorio baten arrasto. Bakoitzak duelako istorio bat. Begi zulo bakoitzak, milaka.
Betetzen dira eguneroko tristura txikiz, kezkez eta beldurrez. Eta asmo berriz. Eta esna egiten diren ametsez. Liburutegi osoak kabitzen dira bietan ondo sailkatuta. Eta zehar-begiradak. Eta esan gabekoak. Horiek ere begi zuloetan ezkutatzen dira hobekien. Eta irentsitako haserreak. Baita lotsak ere. Nireak eta auzokoak. Ezinak. Nahiak. Inbidiak. Barrura denak. Zuloak zuloago izatea ezinezkoa duela ematen duen arte, barrura.
Izan litezke galdutako loak pilatuz osatuak. Eta hala ere. Izan litezke erabat genetikoak, belarri zabalak edo sudur motza bezala. Eta hala ere. Izan litezke nekeak sakonduak. Eta hala ere.
Ez dakit nola engainatzen dituzten batzuk. Zer agintzen ote dieten ebakuntza mahaian etzateko. Nola sinis dezaketen denborak eta eskarmentuak utzitako arrastoak ezabatzeak, izan zimur edo begi zulo, erakargarriago egingo dituela. Zer kontatzen dieten ondorenaz eta begi ederren garrantziaz. Ez dakit nolaz ez diren jabetzen begiak direla gutxienekoa. Begirada dela axola duena. Eta begi zuloen sakonetik begiratzen duenak askoz ere sakonago begiratzen duela. Baita itxuraz ere.
Larrepetit
Begi zuloak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu