Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Beaumont, espioitza eta polizia

2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Madrilgo mugimendu sozialetako ibilbide luzeko militante batek esan ohi duen bezala, azken hamarkadetan mundua zuztarretik aldatu nahi duten taldeen gabezia politiko nabarmenetako bat egindako ekimenen ebaluazioa da. Egindakoan asmatu ote den, zertan, noraino, nola hobetu. Oso desiragarria litzateke Itoizko urtegiaren kontrako mugimenduen irakurketa kokatu eta kritiko bat egitea, adibidez. Baliagarria litzatekeena, sortu ziren korronte, hipotesi eta praktika estrategikoen ondorioak ezagutzeko, etorkizuneko egoera analogoetan prestatuago egoteko.

Mugimendu sozialen ebaluazioa aipatu eta kasualki, joan den astean jakin genuen aurreko legegintzaldiko Nafarroa Garaiko Barne eta Justizia kontseilari Maria Jose Beaumont zelatatu zuela poliziak eta Espainiako Barne Saileko bigarrenak, Segurtasunerako estatu idazkari ohi Francisco Martinezek. Telefonoarekin mezu batzuk trukatu zituzten Espainiako Polizia Nazionaleko zenbait arduradunekin, jakiteko ea Beaumontek «gauzatxoak» zituen. Erantzuna izan zen ezetz, «oso garbi» zegoela.

Erantzuna oso anbibalentea da gaur egunetik irakurrita. Zelataren kontrako indignazio logiko eta nire aldetik partekatu horren atzean, ordea, eta poliziari dagokionean ia beti bezala, korronte nagusi bat dago uste duena espioitza PPren gauza bat dela, edo PSOErena. Ikuspegi naif eta, sarritan, anti-espainiar bat da. Ikuspegi horrekin ez da ulertzen espioitza dela poliziaren ohiko prozedura bat, jendearen kontrako indarkeria erabiltzea bezala. Mundu osoko estatu guztietako polizia denak daude sinbiotikoki kapitalaren interesen alde lanean.

Baina ez da oso urrun joan behar. 2018an, Maria Jose Beaumonten menpeko foruzainek Nabarreriako Maravillas gaztetxearen hustean22 pertsona identifikatu zituzten eta ehun bat lagun kolpatu. Pentsatu dut, geroari begira, askoz duinagoa litzatekeela, jendearen alde ibili izan balitz, ez soilik Maravillas gaztetxearen huste biolentoa ez agintzen, baizik eta baita ere poliziaren kontra. Izan zituen lau urteetan, gure tamalerako, ez zuen inolako «gauzatxorik» egin, zeharo izan zen funtzionala, zeharo «garbia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.