Eneko Gorri.
LARREPETIT

Bateriak kargatzera

2016ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Batzuetan, Ipar Euskal Herriko administrazioetan euskara teknikari gisa ari garenak arno basoan erori den ogi puxka trabagarria bezalakoak garela iruditzen zait. Edo beste batzuetan, estropada batean jarriak garela, korrontearen kontra, laguntzarik gabe eta lemazainik gabe arraunean ari izan behar garen sentsazioa dut. Gertatu zait lankideen begietan kolega exotikoaren papera betetzen dudala nabaritzea ere; sagardotegi afaria antolatzeko, edo sortu berria den txakurrari euskal izen bat emateko baliagarri, baina euskara plana garatzerakoan kakingarri. Haren epe amaigabe, hizkera ulergaitz, inertzia pisu, nahikeria politiko epel eta onarpen zirkuitu luzeekin, administrazioak badu jendea beherantz tiratzeko joera. Horri gehitzen badiogu «frantses» izaerak suposatzen duen jakobinismo, zentralizatze eta asimilatzea, erraz imajinatzen da zer suhartasunarekin hartzen duten euskararen biziberritzea bezalako erronka. Ingurune horretan nabigatzen dugu egunero, aldekoak aliatu gisa hartuz eta kontrakoei beren pertolikeria aurpegiratuz. Norabidea tinko atxikitzeko eta exijentzia maila bere gorenean mantentzeko, erregularki bateriak kargatzea ezinbestekoa da.

Horretarako, urtero Udaltopekin konta dezakegu! Herrietako euskara zerbitzuen topaketak aireberritze bat dira iparrrrrraldeko teknikariontzat. Ez baitezpada euskararen herria bere osotasunean hartzen duen jardunaldia delako (Hegozentrismoaren pisuaz askatzea ze zaila zaigun...), baina gauzak egiten direla ohartarazteko eta egin daitezkeela oroitarazteko. Teknikari, hautetsi, ikerlari eta kazetarien lekukotasunekin janzten ditugu geure buruak. Urtero ideia berriekin eta indarberriturik sartzen gara gure lurraldeetara. Euskararen normalizaziora iristeko helmuga oraindik urrun dugunok beste batzuek bidea ireki digutela kontzientzia hartzen dugu. Bihar arte!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.