Malkoak euritan desagertu legez desagertzen dira gomutak denboran. Roy Batty artifiziala oso sofistikatua zen industria batek sortu zuen etorkizun urrun batean. Tira, egiaz, Philip K. Dicken irudimenak sortu zuen Roy Batty eta erreplikante guztiak. Alderik ba ote zegoen hezur haragizko gizakiok ditugun arazo existentzialistekin?
Natorren, bai. Euskaltzaindiaren hitz onartu berriak irakurtzean gogora etorri zait Rutger Hauer-en mina. Izan nahia eta ezina norbaitek erabakitzen duelako noiz zaren, eta zeintzuk diren izateko baldintzak. Baldintzak eta subjuntiboak. Galvanikoa, fetuccini, atiko eta handicap. Fraktal, fumet, tatami eta espantsionista. Benereo, kronifikatu eta immobilizazio. Ultranazionalista eta ajoarriero. Ai ene, gure amaren ajoarriero! Ilusionismo, koadriga eta klake. Klake, tilderik gabe, momentuz. Integral, manikura eta penetrazio. Ona, gero. Oi, ene amour, penetrazio honek extasira eramango nau. Hots, zerura, eskaira (sky-ra, ez hala?) laster. Baideguei, spoilerra egingo dizut: nik ez nuen sukaldatzen, prestatu, bai. Baina Rutger Hauer maite dut, eta sukaldatu, Rutger Hauer da, malkoak eta tantak uztarturik aurpegitik behera erortzen. Tifoide, topless eta urtikaria. Bai, urtikaria ematen dio askori sukaldatu hitzak. Ezinezkotasunak sortu duelako, euskararen logikatik at ei dagoelako. Rutger Hauer lez.
Lastima Philip K. Dick bizirik ez egotea, Euskaltzaindiak onartu ez dituen hitzekin maisulana idatziko lukeelako. Txispatu, ziento (ez, siento) eta usurpazio. Euskaltzaindiak ez du onartuko sukaldatu. Eta, zer? Zer egingo dugu ikastola, eskola eta euskarari eusten dieten gazteen arteko hitz-solasetan kolatzen diren bastartekin, amore neureok?