«Zer esango luke Angela Davisek halako gai honi buruz?», galdetu du G-k bazkalosteko kafean. Guri denoi zuzendu zaigula dirudi, iji eta aja, eta batek iradoki du Davisek esango lukeela: «Fuck off! Doazela pikutara!», baina, berez, Jule Goikoetxearentzat zen galdera. Politeistak bai, baina jainkosa batzuk gehiago gurtzen ditugu, eta nahiko genuke jakin zer dagoen animaliatzar horren burmuinean. Eta ez dakit ezagutzen duzuen teoria hori, bost pausotan munduko edonorengana ailegatu gaitezkeela dioen hori; bada, Davisen kasuan funtzionatzen du eta jauzi bakarrean: Goikoetxea bihurtu da gure zubia, San Pedro Davisen burmuinaren ateetan.
Badakit Goikoetxeari ez zaiola gustatuko konparazioa, baina umorean ere trebea dela demostratu duenez azken liburuan, frogatu nahi nuen zein diren haren mugak. Ziur B-rekin askotan hitz egin duela horri buruz urteotan. Izatez, Politeismo bastarta liburuan Goikoetxeak ez du soilik Davisen pentsamendua disekzionatu. Leire Lopez editorearen arabera Goikoetxearen beraren burmuinean ere sartzea baita liburua irakurtzea. «Ze ondo! Bidaia bikoitza, beraz, txartel bakarrarekin», pentsatu dut, eta ideia horrekin bueltaka Lopezen eta Goikoetxearen liburuaren aurkezpenaren haria galdu dut bat-batean. Otu zait han bilduta zeuden beste dozenaka burmuin pribilegiatu zer ariko ote ziren pentsatzen irri eta txalo artean. Dena ulertu al duten aurkezpenera joan diren kazetari eta bestelako lagunek. Aurkezpen osteko potean konfesatu diogu elkarri gaiaren mardula, T, Z, eta N-rekin bazkaltzera bidean barrez asmatu ditugu kategoria berriak: txirrindulari iraultzaileak eta oinezko burgesak.
Bagaude bazkalostean berriro, eta entzun dut G-ren galdera, L, K, Z, M, I, M… Errejonenaren gaitik tiraka beste zenbait konturi buruz eztabaidatzen ari diren bitartean. Aldi berean ikusi dut E jatetxetik joaten, ziur larunbateko topaketetarako azken prestaketekin arduratuta dagoela. Laudion ikusiko dugu elkar denok, jainkosa asko eta bastart denak, eta uste dut Davisek esango lukeela nahikoa esperantza eta diziplina badugula bilduta trantsizio feminista dimentsio guztietan bultzatzeko.