Gero eta gehiagotan gertatzen zait. Agian, adinean aurrera noalako. Edo, nork daki, ingurukoek ere denboraren higadura jasaten dutelako. Kontua da gero eta gehiagotan agertzen zaidala besteek barnean duten haurra.
Kontatuko dizut. Horrela gertatzen da. Ezagutzen duzu pertsona bat. Hasieran harrekiko ohiko distantzia sentitzen duzu. Berak jartzen duena, batez ere; badakizu... gertuko zirkuluan ez daudenekiko eraikitzen den hesi hori. Lana edo dena delakoagatik, jarraitzen duzue harremanetan. Eta, halako batean, seguruenik nahi gabe, erakusten dizu gorde ezin duen ahultasun bat; edo alde bihurriren bat, esate baterako. Eta orduan gertatzen da miraria: une horretan, begietan distira berezi bat pizten zaio, istant bateko gauza da, baina hala da. Eta hor dago haurra. Oraindik bizirik.
Bestela ere izan daiteke. Aspaldiko laguna aurrean duzu. Harreman luzeek ekartzen duten ohikeria edo, hobeto esanda, haren gidoia ezagunegia den sentsazioa daukazu. Ez duzu espero ezustekorik. Baina, bat-batean, gorde ezin duen ezintasun bat erakutsi dizu, edo ilusio bat, edo alderdi ganberroa, esate baterako. Eta orduan, eraldatzea gertatu da; une horretan, gainetik kendu ditu bizimoduak jarri dizkion geruza opakuak eta gardena egin da, segundo bateko kontua izan da, baina izan da. Biluzik geratu da. Eta babesten zuen arroparekin baino askoz ere gustagarriago egin zaizu larru bizirik, orbanak eta girringolak agerian.
Ez dakit adinak ematen didan horrela ikustea edo aipatutako geruzen higadura den, baina horregatik behintzat urteak pilatzea ederra zela pentsatzen hasita nengoenean… ustekabean, errebelazio bat izan dut: neuk ere jasaten dut denboraren higadura; neroni ere, akaso, saretzen ari zaizkit bizitzaren zamak jarritako geruza opakuak; ez ditut, bada, izango agerian orbanak eta girringolak! Ai ama!
Larrepetit
Barruko haurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu