Sarritan egin izan dut: atsegin dudan norbait ezagutzen hasi naizenean, aurretik kuttunak nituen gauzak ezkutatu ditut, badaezpada. Hala egin nuen alaba zaharrena jaio zenetik Fermin Muguruzak Miribillako kontzertua iragarri arte ere. Moskutarraren abesti solteren bat besterik ez nion jarri. Pertsona eta zinemagilea bazekien nor zen, baina obra babestu nuen ordura arte.
Lan sakratuak balira bezala hasi ginen uda honetan, kotxean, Brigadistak sound system-etik aurrerakoak entzuten eta, halako batean, Euskal Herria Jamaika Clash-en txanda iritsi zen. Logikoki, diskoan gehien gustatu zitzaiona Canettiren aipua daraman abestia da —nork sartzen du eta nola reggae disko batean Canettiren aipu bat—: «Oihu egin dezagun Franka Potentek bezala: bizkor, Lola, bizkor, bizitza miraria baita».
Baina igande goiza da eta diskoak segitzen du eta entzuten da «El pensamiento marxista, pronto gana adeptos» eta Linton Kwesi Johnsonen «unfinished revolution» sanplerra eta, jarraian, Kortatuk 1986an argitaratu zuen La línea del frente-ren reggae bertsioa. Berriozar zeharkatzen ari gara eta begizta batean sartu gara: abestia amaitzen den aldiro berriro jartzeko eskatzen du neskatoak. Eta hirugarren errepikapenetik aurrera abestiko esaldiak xuxurlatzen ditu. Zer ulertzen ote du? Baina, zer ulertzen ote dut nik neuk ere?
Eta jaitsi gara Oteitzan, hasi gara Eltxumendiko tontorrera igotzen. Itzultzen ari garenean, urrunean kotxea ikusi bezain laster ea entzungo dugun berriro «salta una valla, dobla una esquina». Abesti berarekin itzuli gara etxeraino eta, ustekabean, borrokaren poza ospatzen duen abestia hogei urteko gurasoen Laguna zaharra betetzen ari da eta hasi naiz, oharkabean, negarrez.
Iluntzean, CDaren libretoa soseguz hartu dut, ulertu nahian zerk ekarri ote dizkidan malkoak. Ia konposizioa den ala nire aldartea. Ez dut ebaztea lortu bata ala bestea den, baina argi dut bizitza ospatzea nostalgiaren aurkako ariketa bat dela, badirela garai jakin bati hain lotuta dauden artelanak, garaiz kanpo ere esaten digutela jarraitzeko lubakietan aurrera.