Maiteko ez zuten bada kazetariek Xabier Arzalluz. Izan ere, izenburu bikainak ematen zizkien, zirikatze asmoko gazteleraz beti. Eta orduan, bera baino abilagoa izan beharra zegoen amuari ez heltzeko. Ona zen horretan. Bertsozalea izatera, aspaldi zioten omenaldia egina gai-jartzailetzan egindako lanagatik.
Ateraldien antologian, euskal herritarren berezitasun odoletikoarena: «Rh negatiboarenak herri zahar honek berezko erroak dituela baino ez du esan nahi, historiaurretik identifikatzeko modukoak, izen handiko genetisten ikerketek dioten moduan». Ez zuen, baina, odolarenak zeregin handirik 60ko eta 70ko hamarkadetan hasitako bidean. Subjektua Santimamiñetik aldirietako fabriketara zabalduta, jai zuen Arzalluzen probokazioak, hemen behintzat. Teoria etnizistei errematea nonahitik heldutako haien seme-alabek euskararen aggiornamenduan izaniko inplikazioak eman zion.
Eta hor non, dena oroimenaren zabortegian zetzala uste genuenean, piztu duten berriz Arzalluzen odolarena, nork eta «izen handiko genetistek». Bi mila lagunen DNA aztertuta, ondorio garbi batera heldu da Pompeu Fabrako David Comas: «euskal herritarren berezitasunak ez du aparteko jatorririk, Burdin Arotik honakoa da. Ez direla martetarrak, alegia». Eta globuluek mozkortuta, isolatze genetikoaren hipotesia ematera ere ausartu da banpiroa: euskarak barrera moduan funtzionatu du, eta auzoaren euskara ulergaitz izanik, barne hesi izan dira euskalkiak odol nahasketarik egon ez dadin.
Eta orain, has zaitez euskalkien jatorriaz martzianoak ez garela deskubritu duen genetista batekin; aipatuizkiozu Mitxelena, Urgell, Zuazo. Esaiozu Madrileko prentsa berotzeko botatzen zituela Arzalluzek astapaolak, hartaz futituta bizi garela aspaldi zaharrean hemen. Azkenean azaldu egin beharko diogu gainera zertan datzan Os Resentidos-en ironia: «bada benetan euskal herritarrik prentsa-izenburuen atzean?».
LARREPETIT
Banpiroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu